"Kasu egiten diegun deabru txiki horiei esker hainbat istorio sortzen dira"

Irune Alfonso 2021ko abu. 20a, 10:58

Azken muga nazioarteko arte eta kultura jaialdiaren seigarren edizioa 2021eko abuztuaren 20tik urriaren 2ra izango da. Zarate lepoa Azkarate eta Bedaio (Tolosa) artean dago, Aralar mendilerroan. Hilabete eta erdiz diziplina artistikoak, erakusketak, kultura eta ekoizpen propioak aurkeztuko dira. Bertan, eskualdeko hainbat kideek hartuko dute parte eta horietako bi dira, Jon Iñaki Ormazabal eta Ramon Balerdi. 

Azken Muga jaialdian artista askorekin bilduko zarete...

Jon Iñaki Ormazabal: Azken Muga Arte eta Kultura Jaialdia basoan egiten den ekimena da, eta bertan, hainbat musikari, antropologo eta artista elkartzen gara. Jaialdiaren helburu nagusia artisten interakzioa da. Ni billabonatarra izanik, Ramonekin kontaktuan jarri naiz. Ramon herriko beste artista bat da eta berak ere jaialdian parte hartuko du bere lanarekin. Ez dugu elkarrekin inoiz lana egin, baina, jaialdi honetarako elkartu eta bere ideia eta nirearekin interakzio bat sortzea erabaki dugu.

Ramon Balerdi: Hori da arteak duena, unibertsala dela. Ez dago nabarmentzeko beharrik. Nik arteari ematen diot eta besteak ere ematen dio, hortaz, elkarrekin arteari ematen diogu, hobetzeko. Nire ustez hori da garrantzitsuena, eta gu bion artean hori sortu da, konexio berezia izan dugu. 

Nori zuzendua dago jaialdia?

R.B.: Jaialdia pertsona guztientzat da, familia osoarentzat eta artean interesa duen jendearentzat. Arteaz gozatzeko, ez da zertan galeria batera joan behar, hau desberdina da. Artistaren lana lurrean egongo da, jendeak ukitu ahal izango. Galeria naturala da aire zabalean egingo dena. 

Jon iñakiaren lana. 

Artelan honekin landu nahi izan dudana, norberak barruan dituen deabrutxoak izan dira. Denok ditugu deabrutxoak dantzan, borrokan, bai eta ez erabakietan dantzan hortxe ibiltzen dira. Eta hori irudikatzen dut hemen, hori da nire irudimenean edo buruan dudana. Deabru horiek dantzan hasten direnean, eta beste pertsonen deabrutxoekin elkartzen direnean, interakzioa sortzen da, eta orduan, deabrua handitu egiten da. Kasu egiten diegun deabru txiki horiei esker hainbat istorio sortzen dira: erotismoa, luxuria eta bizipen ugari...

Beraz, ikusten duzun eskultura handi hau, deabru orokorra izango litzateke. Deabrutxo txiki horietatik, artelanean ikusten diren txiki hauetatik sortzen da deabru handia.

 

Aurten zerbait desberdina egingo duzu?

J.O.:Lan honekin performance bat egingo dut infernua irudikatuko dudana. Hau da, deabru txikiak eta deabru orokorra infernuan kokatuko ditugu. Performancean nire eskultura jarri eta Amasa-Villabonako Zunbeltz Elkarteko Kale Antzerki Taldea sartuko da. Beraiekin batera parte hartuko dut nik. Bertan, pertsonaia asko agertuko dira, batzuk mitologikoak eta beste batzuk asmatutakoak. Gainera, Patxi errementariaren eta deabruaren elkarrizketa sartuko da, hori da gehien interesatzen zaidana. Gainera, Oinkari Dantza Taldeko hainbat kide ere agertuko dira, hortaz, antzerkia eta dantzarekin ere fusio bat sortuko da. Musikari dagokionez, Migel Zeberio tolosarra izango da arduraduna, berak, biolontxelo elektrikoa jarriko du eta antzerkiaren zuzendaria Iyuya Urrutia izango da. Denon arteko ikuskizuna sortuko dugu.

Laguntza izan duzu beraz?

Bai. Eskerrak eman nahi dizkiot artelana egiten lagundu didan Mikel Yartzari, berari aipamen berezia egin nahiko nioke, laguntzeko prest dagoelako beti eta nire ondoan dagoelako beti lanean, elkarrekin egindako lana da hau. Asko gustatzen zait berarekin lana egitea, ni bera baino gazteagoa naiz eta jakinduria desberdina trukatzen dugu. Aldi berean, Zunbetz Elkarteko Kale Antzerki Taldeari eskertu nahi diot, azkenean, elkarlana izan delako guztia. 

Ramon Balerdiren lana. 

Gizakiak zati jainkotiarra eta zati gizatiar bat du. Paradisua eta infernua daude, eta gizakia zati jainkotiarrean murgilduta dago. Nik, nire arbasoen oroigarria egin nahi dut. Nire abizena Balerdi menditik dator, eta istorioa Balerdi mendiaren atzean kokatzen da. Horregatik, atzeko kultura islatu nahi dut. Atzeko kultura orain daukaguna baino aberatsagoa eta jainkotiarragoa baitzen. Objektibotasun handiagoz begiratu beharko genuke atzera, eta galtzen ari den jakinduria eta balioak berreskuratu…

Nire lanean gurutzea lantzen dut. Gurutzea ikur jainkotiarra da, oso garrantzitsua dena. Gurutzeak heriotza esan nahi du, “haragitan hil espiritu bihurtzeko”. Nire gurutzean X ikurra dago. X hori goitik eta behetik ixten baduzu,  bai goian eta baita behean ere, hirukia osatuko da.  Beheko hirukia, emakumearen ikurra izango litzateke, eta goiko hirukia aldiz, gizonaren ikurra. Emakumearen funtzioa funtsezkoa da bat egiteko. Emakumea lurra da, bizitza ematen duena. Azken finean, ikur unibertsalak dira. 


Nola elkartuko dituzue bi obrak?

J.O.: Han espazio bat daukagu historikoa dena; Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga izan zen. Bertan etxe zahar bat zegoen Mikeleteak egoten zirenak, eta puntu estrategikoa izan zen. Kontrabandista pila egoten ziren, eta lapurrei burua moztu eta zintzilik jartzen zituzten, beraz, oso puntu garrantzitsua da. Orain hondakinak geratzen dira, zehazki, bi horma bakarrik daude eta guk horma horiek erabiliko ditugu. Nik horma bat erabiliko dut eta Ramonek bestea, eta horrela elkartuko ditugu bi artelanak. 

Jon, zure artelaneko materialak ere historia du atzetik...

J.O.: Erabiltzen dudan egur guztia Asteasuko Ikilisagasti baserritik dator, Tolare baserritik. Baserriak 400 urte zituen. Egur honek izugarrizko indarra ematen dit, 400 urte baserrian eta beste 200 urte basoan enbor handia sortzeko, jada 600 urte dituen materiala dugu eskuetan, material zaharra. Ideia batetik formak ematen hasten naiz, baina, material zaharra ere errespetatzen dut, eta batzuetan,  ukitu gabe utzi,  bertan baitago 400 urteko baserri batek sufritu duen guztia: nekea, izerdia, poza… 

 

Elementu modernoagoak ere ikusten dira.

J.O.: Nahasketa gustatzen zait niri, lehengo egur zaharra eta birziklatzen den materiala. Egurra birziklatu eta bizi berria ematen diot. Eskultura honetan ikusiko duzun moduan, lanpara bat dago, lanpara hori Amasa argiztatzen aritu da hainbat urtetan. Horretaz gain, modernoagoak diren materialak sartu dizkiot, beraz, fusio moduko bat egiten dut lehenengo materiala zaharra eta gaur egungo material modernoak nahastuz. Gero nire esku-lana sartzen da, forma eman eta testurekin jolasten aritzen naiz. 

 

Artea eta kulturak bizi duen egoera honetan, horrelako ekintzak garrantzitsuak dira? zer ematen dio gizarteari?

J.O.:Jaialdian ekimen ugari daude, horietako bat: 20x20x20 erakusketa izango litzateke. Erakusketa horretan, Euskal Herriko artistak elkartzen gara;  onenak, erdi mailan daudenak eta artisau edo kaletarrenak direnak, guztiok elkartzen gara. Erakusketa txikiaren inaugurazioa da eta bazkari handia egingo dugu. Gero, artearen etorkizunaren eztabaida abiatuko da. Garai batean, artea oso goian zegoen, oso ondo baloratzen zen, baina orain gutxietsia dago. Artea erori egin da eta ez zaio garrantzirik ematen. Guztion artean hitz egin nahi dugu  publikoarengana nolabait iristeko. Denon artean bilduko gara eta gai honen inguruan hitz egingo dugu. 

R.B.: Arteak herriarentzat izan behar du. Herriko pertsonentzat, eta ez eliteentzat. Herria aberasteko izan behar du. Bakardadean sortzen eta lanean aritu naizen urte guzti hauetan ondorio hori atera dut. 

Elkarriketa osatzeko Aiurritik kanpoko argakiak erabili dira. 

Argazkilaria: Eddy Zelaya. 

 

EGITARAUA. 

OSTIRALA 20

20:00 > KONTZERTUA: Alitruta:

21:30 > PERFORMANCEA: Magneto musika margotua. Kalandra + ElenaScaratti + Alitruta:

23:00 > PERFORMANCEA: Soinu-ibilaldia basoan zehar: Francis Sosta

 

LARUNBATA 21 – EGOITZA HASIERA

10:00 > HORMA-PINTURA :

12:00 > KONTZERTUA: Lanbroa 

3:00> TOPAKETA: Eskultura3

17:00 > INAUGURAZIOA: Eskultura erakusketa

21:00 > ZINEA +SOLASALDIA: Egografia + Amama

 

IGANDEA 22

14:00 > BAZKARI-ANTZERKIA. POPULARRA: Platonen oturuntza ” Amaia Irazabal:

17:00 > PERFORMAZIO-LABORATEGIA: Natural sounds. Francis Sosta3

21:00 > KONTZERTUA: Rap. Peye Honey

 

ASTEARTEA 24

17:00 > Txorimaloak Zarateko bidean jarriko dituguT

ASEAZKENA 25

17:00 > PROIEKZIOA: Ur Muga

OSTIRALA 27

10:30 – 14:30 > TAILERRA: Butoh. Ainhoa Alberdi. Aldez aurretik izena eman behar da

LAUNBATA 28

10:00 > TAILERRA: Grafitia:

10:30 – 14:30 > TAILERRA: Butoh. Ainhoa Alberdi. Aldez aurretik izena eman behar da

 

JAIALDIAREN INAUGURAZIOA

17:00 > BISITA GIDATUA BASOAN. ARTISTEKIN:

18:00 > AULKIA JARTZEAn

Dantza Bertikala: Zinbulu Kolektiboas

Musika: Julia Blasco sopranoa + Alejandro Martinez txeloa:

19:00 > Soinu-gorputzak: Alba Fernandez + Ane Leux:

21:00 > KALE-ANTZERKIA: Deabrua. Zunbeltz Taldea: Jon Iñaki Ormazabal

 

IGANDEA 29

10:30 – 13:30 >TAILERRA: Butoh. Ainhoa Alberdi. Aldez aurretik izena eman behar da:

12:00 > TAILERRA: Ehungintzako serigrafia: Virginia Ameztoy:

18:00 > DANTZA: Butoh. Erakustaldia.:

19:00 > SOLASALDIA: Paolo Vavassori. Ikertzaile seniorra Ikerbasquen. CICnanoGUNE

 

 

Parte hartuko duten artistak:

Guillermo Olmo – Amezketa, Gipuzkoa

 

Elena Scaratti – Italia

 

Francis Sosta – Italia

 

Jofre Sebastian – Vilopriu, Catalunya

 

Olatz Pereda – Alonsotegi, Bizkaia

 

Jon Iñaki Ormazabal – Billabona, Gipuzkoa

 

Luis Zavala Mendia – Donostia, Gipuzkoa

 

Roberta Abeni – Italia

 

Ainhoa Alberdi – Zarautz, Gipuzkoa

 

Pablo Juarros – Izko, Nafarroa

 

Nexgraff – Pasaia, Gipuzkoa

 

Ramon Balerdi – Villabona, Gipuzkoa

 

Estibalitz Alvarez Garcia – Berroeta, Nafarroa

 

Javier Perez – Otxobi, Nafarroa

 

Mugalari Kolektiboa – Bilbo, Bizkaia

 

Àngels Artigas Claret – Girona, Catalunya

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!