146 eguzki panel ezarriko dira argi kontsumorako, Villabonan

Aiurri 2021ko ira. 15a, 13:19

Amasa-Villabonako Udalak larrialdi klimatikoari aurre egiteko eta eguzki energia berriztagarriaren sorkuntzarako panel fotovoltaikoak ezarriko ditu Villabonako udaletxeko eta Villabonako udal pilotalekuko teilatuetan.

Inbertsio honek kutsadura atmosferikoa eta berotegi-efektuko gasen isurketak gutxitzea ekarriko du. Proiektu honen bidez, 60 MWh inguru sortuko dira urtean (udal jabetzako eraikinen kontsumo osoa 800 MWh-koa da). Beraz, lehen pauso bat izango da autohornikuntzara bidean. Era berean, instalazio honek eredugarria izateko bokazioa du herritarren energia komunitateak sustatzeko bidean.

Ezarriko diren eguzki panel berri hauek Villabonan dauden hainbat eraikin publiko hornituko dira: Udaletxea, Arroa auzoko Fleming Herri Eskola, Kultur etxea eta Musika eskola, Villabonako udal pilotalekua, Gurea Antzokia, Seaska Haur Eskola eta Salbadora Jubilatuen elkartea. Eraikin guzti hauen energia (200 MWh) kontsumoaren %30 asetu ahal izango da proiektu honen bidez.

Guztira, 146 panel fotovoltaiko ezarriko dira: Udaletxeko teilatuan 26 eta Villabonako udal pilotalekukoan beste 120. Panel guzti hauek 58,4 kWp-ko potentzia instalatua dute eta, urtean, 61.411,29 kWh–ko energia sortuko dutela aurreikusten da. Udalak energia horren ia %87a bere autokontsumorako erabiliko du eta soberakina energia-sare orokorrean txertatuko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!