Mintzalagun egitasmoan izen-ematea irekita

Irune Alfonso 2021ko ira. 23a, 10:16

Amasa-Villabonako udalak izen-ematea ireki du mintzalagun izateko. Euskara praktikatu nahi dutenak eta euskara praktikatu nahi duten horiei laguntzeko prest daudenak gonbidatuta daude izen-ematera

Mintzalaguna euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da. Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordu betez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean... euskaraz aritzeko, euskaraz bizitzeko. 

Bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz bidelaria izango litzatekeena eta euskara praktikatzen lagunduz bidelaguna. Mintzalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira. 

Mintzalagunak bospasei laguneko taldetan elkarturik, adiskide giroan arituko dira hizketan eta pixkanaka somatuko dute mintzapraktikaren efektua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!