Aiztondoko edo eskualdeko kulturgileei aukera bat eskaintzeko sortu da Sahrijai

Irune Alfonso 2022ko urt. 11a, 09:06
Andoni Ugarte Kerejeta, Nahikari Iturbe Eizagirre, Jon Mujika Alzate eta Yeray Gascon Sanchez billabonatarrak.

Amasa-Villabona ekimen handiko herria da. Gizarte eta kultur mailan dagoen dinamika horren isla zuzena da. Sahrijai kultura sustatzeko espazioa kultur aberastasun horren adierazpideetakoa da.

Zer da Sahrijai?

Nahikari Iturbe: 2019-2020 tarte horretan sortu zen. Herriko hainbat eragile ezberdin elkartu ginen eta atera genuen ondorioetakoa izan zen gazteen artean kulturari dagokionez gabezia handia zegoela. Elkartea sortzeaz gain, Villabonan bertan kultur espazio bat sortzea ideia polita iruditu zitzaigun. Zineaz gain ez dago ezer herrian, gaztetxea edo plaza bakarrik. Kultur espazio bat sortze aldera, Udalaren jabetzakoa den Aljibearen erabilera adostu genuen.  

Jon Mujika: Hortik dator Sahrijai izena. Sahrij hitzak aljibea esan nahi du arabieraz. Eta euskarazko "jaia" hitza hartuta, hitz joku modukoa egin genuen.

N.I.: Proiektua aurkeztu genion udalari, aurrekontua eta guzti. Eta proiektua onartu egin zen. Hilabetero lehenengo astean, ostiraletan, kontzertuak ematea da helburua. Ahal dela kultura osotasunean hartuko genuke, ez soilik musika; antzerkia, bertsoa, poesia errezitaldiak, irekita utzi genuen egitasmoa, nahiz eta gehiena musika izan.

Andoni Ugarte: Hori oso garrantzitsua da. Herriak eta inguruak argi izatea, hilabeteko lehenengo asteburuan kontzertu batzuk edo ekitaldiak egongo direla Aljibean.

Zeri eman nahi diezue indarra?

A.U.: Inguruko talde berriei aukera bat ematea gure helburuen artean dago, oinarria hori da. Izena hartzeko dauden hasiberri horiei espazio bat eskaini nahi diegu, kontzertuak antolatzeko.

Yeray Gascon: Kultura sustatzeko espazioa da Sahrijai, baina, hori lortzeko, martxa hartu behar du espazioak berak. Gure asmoa espazio alternatibo bat izatea da, talde txikiek nahiz handiek bertan jotzeko gogoa izatea.

Otsailean, gauzak ondo, programazioari berrekingo diozue.

J.M.: Eta jendeak erantzungo duela pentsatzen dugu. Herritarrek ulertu zuten gure helburua zein zen, hilabeteko lehen ostiralean Aiztondoko edo eskualdeko jendeari aukera bat eskaintzea. Bide berdinetik jarraitu nahi dugu, horixe da gure esperantza.

Zer esango zenieke eskualdeko herritarrei?

A.U.: Talde irekia garela eta edozein animatu daitekeela bertan lan egitera eta ekintzak antolatzera.

Y.G.: Hurrengo kontzertua Lukien eta Dena izango da otsailaren 4ean. Ekitaldien informazioa sare sozialetan emango dugu.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!