Martxoak 8

Andoaingo Asanblada Feminista: “Kaleak bete ditugu”

Aiurri 2019ko mar. 9a, 08:53
Andoaingo Asanblada Feminista Donostian ospatu zen manifestazioan. Argazkia: Andoaingo Asanblada Feminista.

Asanbladakoek atzoko greba eguna “oso positiboki” baloratzen dute: “Oraindik ere emozioak dantzan ditugu. Lanean jarraitzeko gogoz gaude. Atseden hartzeko unea da, baina gertu ditugu Santakrutzak”.

Aiurrik bart iluntzean balorazioa eskatu zien Andoaingo Asanblada Feministako kideei. Donostiako manifestaziotik Andoainera zetozela, hauxe da telefonoz bestaldetik bi kidek egin zuten balorazioa:

“Bezperan, pintxopote more feministarekin greba deialdiari ekin genion. Ez zen jende asko hurbildu baina oso giro polita sortu zen. Zumea plazan dantzan amaitu genuen! Oro har, ordu horietan herritar asko konturatzen hasi zen martxoaren 8a iristear zegoela.

Greba egunari euripean ekin diogu, Makaldegitik irten den kotxe karabanarekin. 22 ibilgailu mugitu gara herrigunean eta industrigune ezberdinetan. Arreta handia bereganatu du ekimenak. Iaz ez genuen horrelakorik egin eta arrakastatsua izan da. 11:00ak aldera Goikoplazan manifestaziorako elkartu gara, eta 2018an bezala ikusgarria izan da. Jendetza elkartu da. Manifetazioari hasiera emateko gogo bizia nabaritzen zen. Iazko arrakasta eta gero beldur piska bat bagenuen, baina kontrakoa gertatu da. Jende gehiago elkartu gara. Kaleak bete ditugu eta, iaz bezala, ikusgarria izan da.

Basterotik pasa gara, bazkariari ekin aurretik. Esan behar dugu bazkaria antolatzen laguntzeko emakume ugari elkartu dela. Eskertzekoa da lanaren pisu guztia Asanbladaren esku ez uztea. Bazkari autogestionatua aurrera atera bada, denek bere ekarpena egin dutelako izan da. 80 lagun espero genituen, baina azkenerako askoz gehiago ginen. Eta kide batzuk pankartak lurrean ipini eta bertan bazkaldu behar izan dute. Oso giro polita izan da bazkarian, eta bereziki ondorengo kantaldian eta jokoetan. Musikarien saioak elkartu egin gaitu. Jolasen saioa arrakastatsua izan da ere. Berehala sortu ditugu lau talde. Proba ezberdinak ipini dizkiegu, pike sanoa sortu da, eta denon artean giro hobea erantsi diogu bazkalosteari.

Donostiako manifestaziora joan gara autobusean. Donostian bertan Andoaindik joan garenok elkartu eta taldeko argazkia atera dugu. Ikusi dugu iaz baino askoz gehiago hurbildu garela Donostiara.

Horregatik guztiagatik oso balorazio positiboa egiten dugu. Oraindik ere emozioak dantzan ditugu. Lanean jarraitzeko gogoz gaude. Atseden hartzeko unea da, baina gertu ditugu Santakrutzak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!