Andoaingo Sanjuanak 2018

Biderkatu egin dira azeriak

Aiurri 2018ko eka. 29a, 09:13

Axeri Dantzara belaunaldi berriak hurbiltzen ari dira, aspaldi ez bezalako partaidetzara iritsiz. Eguraldia lagun, Andoaingo berezko tradizioa arrakasta handiz biziberritu zuten.

70 lagun inguruk hartu dute parte aurtengo Axeri Dantzan, ezagutzen ziren marka guztiak hautsiz. Partaidetza gorantz doa urtez urte, eta 1976an Adunan eta Andoainen berreskuratu zenetik ezin sustratuago ageri da dantza berezi hori. Blusaren kolorea nagusitu zen Goikoplazan, horrenbestez. Gainera, dantzaren bigarren zatian jendartetik herritarrak Soka Dantza dantzatzera gonbidatu zituztenean plaza gainezka jarri zen, ezin ikusgarriago.

Dantzak plazan ordu eta laurden irauten badu ere, axeri dantzarien kuadrilak egun osoko festa antolatu ohi du, kale giroa suspertuz. Hain zuzen, igandean, Buruntza jatetxean hamaiketako legea egin, eta kalejiran ibili ziren zenbait auzoetan barrena. Dantza egin ostean, berriz, Santa Krutz elkartean bazkaldu eta arratsaldean kalejirari ekin zioten berriro.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!