Hondakinen bilketa selektiboaren hazkunde nabarmena

Aiurri 2019ko mar. 16a, 08:50

Otsailean indarrean jarri zen hondakinak biltzeko sistema berria. Funtsean, errefusa biltzeko giltzapeko edukiontzi grisa ezarri zen. Mankomunitateak Udalari eskaini dizkion lehen datuen arabera: "2018. urtea %44,73 bilketa selektiboaren datuarekin itxi genuen. Orain berriz, sistema berria martxan dela, %63,20ra iritsi gara". Andoain dagoeneko eskualdeko bataz beteko bilketa kopuruetan dago.

Andoaingo Udalak herritarrak zoriondu nahi izan ditu: "Zorionak andoaindarrei egiten ari diren ahalegin guztiagatik. Birziklatzea denon ardura da, eta herri jasangarriago eta osasuntsuago bat izatea izango da horren ondorio nagusia".

Prozesua ondo abiatu dela dirudi, baina hobekuntzak egin behar dira. Organikoa biltzeko poltsa egokiak erabiltzea garrantzia handikoa da: "Edukiontzi guztiak erabiltzeaz gain, bakoitzean berea bota behar dela azpimarratu nahi dugu. Eta oso garrantzitsua dela organikorako poltsa berezituak erabiltzea. Udaletxean eskuratu daitezke dohainik". Eta baita herritar guztiek edukiontzi horiek erabiltzea ere: "Banatu diren txartel batzuk ez dira erabili. Bada, txartela erabiltzea eta hondakinak edukiontzien barruan sartzea derrigorrezkoa izateaz gain, errespetuzko jarrera bat da, herriaren garbitasuna eta guztion osasunarekiko errespetua hain zuzen ere".

Igoera alor ezberdinetan:

Ontzi arinak: %26 gehiago

  • 2018ko otsailean: 30.132 kg.
  • 2019ko otsailean: 38.422 kg.

Errefusa: %37 gutxiago

  • 2018ko otsailean: 191.240 kg.
  • 2019ko otsailean: 120.000 kg.

Materia organikoa: Kopurua bikoiztu

  • 2018ko otsailean: 36.330 kg.
  • 2019ko otsailean: 71.800 kg.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!