2019ko udal hauteskundeak

PSE-EEk legealdiaren balorazio kritikoa egin du

Aiurri 2019ko mar. 14a, 17:59
PSE-EEko udal taldea

Andoaingo PSE-EEko udal taldeak agerraldia egin zuen Arrate plazan daukan egoitzan, asteazkenean. 2015-2019ko legealdiaren inguruko balorazioa egin nahi izan zuen, eta aldi berean, egunotan herriko etxe guztietan banatzen ari diren Adarra aldizkaria aurkeztu zuen. Maider Lainez bozemaileaz gain Ascen Parron, Daniel Garcia eta Petri Romero zinegotziak izan ziren bertan.

Maider Lainezek adierazi zuenez, legealdiaren hasieran alderdi guztiek aldaketaren beharra ikusi zuten, “baina benetako ordua iritsi zenean, EAJk ez zuen hitza bete, eta nahiago izan zuen EH Bilduri alkatetza eman”. Nolanahi ere, “Andoaingo PSE-EEk oposizio kritikoa eta eraikitzailea egiteko konpromisuari eutsi egin zion, batez ere jakinda gu izango ginela gobernu taldearen alternatiba”, Lainezen esanetan. 

Agintaldian zehar PSE-EE alderdiak udalgintza serioa egin duela esan zuen Lainezek, eta harro zeudela horregatik. Udal taldeak eskuartean dauzkan datuen arabera, “udalbatzetan onartu diren 216 ekimenetatik, Ganemos eta Irabazik %92aren aldeko botoa eman dute, eta EAJk %82aren alde; PSE-EEk %73aren alde egin du, eta beraz, esan daiteke gurea izan dela oposizioa egin duen alderdi bakarra. Herritaren ongizatearen aldeko ekimenen alde jokatu dugu, baina horrela ez zela ikusu dugunean, kontra egin dugu, baina beti ere arrazoiak azalduz. Horrela jokatu dugu, esaterako, EH-Bilduren udal gobernuak 251.000 euroko kale-garbigailua erostea erabaki zuenean eta skate-park bat eraikitzeko obrak egiteko lizitazio-prezioa 200.000 eurotan jarri zuenean, edo eta, EH-Bilduk eta EAJk Kataluniako Errepublika aitortzeko mozioa onetsi zutenean”.

Hondakinen kudeaketa kaskarra

Lainezek hondakinen kudeaketaren gainean udal gobernuak eduki duen jarrera ere kritikatu zuen, “2013an alderdi guztiek edukiontzi marroia ezartzea erabaki genuen; orduan onetsi zen %60a birziklatzera iritsi behar ginela, baina 2018ko datuen arabera, %45era besterik ez da lortu. Iaz Sorabilla, Kalonge eta Olagain auzoetan edukiontzi grisa proba jarri zen. Baina gaur da eguna ez dakigula auzo horietako bizilagunek zer nolako jarrera azaldu zuten, zenbateko zaborra bota zuten edukiontzi horretara. Dakigun bakarra da zenbat aldiz ireki zuten edukiontzi marroia”.

Edukiontzi grisa astean lau aldiz ireki ahal izatearen aurka daude sozialistak. “Neurri horren kontra azaldu gara lehen unetik; nahi adina aldiz erabiltzeko irekia egon behar luke. Bestalde, egia da organikoaren etxe guztietan banatu dela eta horri esker igo egingo dela birziklapen tasa. Baina ezin duguna onartu da organikoaren ontziaren emaitza onekin edukiontzi grisaren kudeaketa txarra estaltzea”.

Azkenik, adierazi zuen Andoaingo udal gobernuak aurrera erama dituen zenbait ekimen alderdi sozialistak 2015ean aurkeztu zuen udal programak jasotzen zituela. Besteak beste, laster Zumea eta Nafarroa plazetan estaliko diren bi haur jolastokiak gogoratu zituen. “Iruditzen zaigu herritarrek jakingo dutela bereizten berez noren ideiak izan diren eta nor ibili den besteenak bere egiten”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!