Herriko biktimen eskubideak aldarrikatu zituzten

Xabier Lasa 2019ko api. 14a, 10:10

Andoainen frankismoak eragindako ehunka biktimen aldeko omenaldia egin zen Alfaro Parkean, atzo. Biktimak gogoratzeaz gain, ukatzen zaizkien eskubideen aldeko aldarrikapena egin zen. Txalapartariek, dantzariek, musikariek eta Musika Banda Errepublikanoak hartu zuten parte.

Ekaitz Ollo eta Jon Urtasun txalapartarien deiak eman zion hasiera ekitaldiari. Herrian frankistek fusilatu zituzten 25 lagunen omenezko lore eskaintza egin zen lehenbizi, euren senitartekoak bertan zirela eta Aran Mujika biolin jotzailearen laguntzarekin. Aldi berean, Nahia Sarasolta eta Unai Barrutia Urki taldeko kideek aurreskua dantzatu zuten.

Ion Beloki bertsolariak bi bertso kantatu ditu:

Histori puskak denak dituzte

barrun gorderik gordean,

ta horregatik eseri dira

pareta honen aurrean.

Ze sinbolismo daukan honetxek

gorderik garai batean,

zeren paretak hautsi litezke

denboraren joanean.

Ta horregatik elkartu gera

hemen gaurko egunean,

guk izateko joan zirenak

hemengo oroimenean (bis)

 

Urtero legez etorri gera

ezin ziteken bestela,

gogoan izan nahi ditugunez

oroimenean horrela.

Ze sentimena hortxe daukagu

eta gaur dirau epela.

Zuek pentsatu aberriagatik

bizia utzi zutela.

Ta horregatik etorri gera

gu elkarturik bezela,

ta horrela urtero andoaindarrak

hemen elkar gaitezela (bis)

 

Mintzaldien atalean, Oroituz elkarteko ordezkariak eta frankismoak 1975ean fusilatutako Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegiren senitartekoek hitza hartu zuten.

Diego Paredesek bere anaiak hil bezperan idatzi zuen gutuna irakurri zuen, eta bide bazterretan lurperatuta jarraitzen duten milaka eta milaka pertsonak izan zituen gogoan. “1936an duintasuna ukatu zitzaien, eta 2019an oraindik ere duintasuna ukatzen zaie”.

Oroituz-eko Lurdes Arteagak adierazi zuen frankismoko biktimak hirugarren edo laugarren mailako biktimatzat hartzen direla oraindik. “Egiari eta justiziari dagokionez, Estatu espainiarreko estamentu ofizialek, politikoek eta judizialek, ez dute ezer jakin nahi. Trantsizioan frankistei eta euren krimenei alfonbra gorria jarri zitzaien, eta bere horretan mantentzen da alfonbra gorri hori. Erabateko inpunitatearekin jarraitzen dute frankismoak eta eragin zituen giza eskubideen urraketek”.

Arteagak gogoratu zuen Andoaingo udalak 2017an frankismoaren inpunitatearen aurkako Argentinako kereilan pertsonatzea erabaki zuela, eta harrezkero, Oroituz berak hartu zuela giza eskubideen urraketen inguruko txostena osatzea, 1936-1977ko aldi historikoari dagokionez. Txostena Buenos Aires eta Tolosako epaitegietan laster aurkeztea espero da.   

Musika Banda Errepublikanoak urteroko musika emanaldia eskaini zuen, kantutegi antifrankista oinarri hartuta. Aurten, Luis Eduardo Aute abeslariak sortutako Al Alba abestu zuten lehenengo aldiz, hitzak euskaratuta. Lau dantzariek osatutako koreografiaren laguntza eduki zuen Bandak.

Erlazionatuak

Oroituz: Lore eskaintza

Aiurri 2019 api 14 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!