Espainiako Kongresurako hauteskundeak 2019

Lehen lau alderdi nagusien balorazioak

Jon Ander Ubeda 2019ko api. 28a, 23:09

Andoaingo EH Bildu, PSE-EE, EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemos alderdietako bozeramaileek gaurko emaitzen balorazioa egin dute. Jarraian, adierazpenak:

Jon Zulueta, EH Bilduko bozeramailea:

“Andoaingo PSE-EE zoriondu nahi dugu lehen indarra izan delako. Gure emaitzari dagokionez, pozik hartzen ditugu emaitzak. 2016ko emaitzekin alderatuta 500dik boto gehiago berreskuratu ditugulako. Kopuru on bat da testuistunguru politiko zehatz honetan, hauteskunde hauek guretzat dituzten zailtasun guztiak kontutan hartuta. Udal hauteskundeetarako lehia gogorra aurreikusten da, lau alderdi nahiko gertu gabiltzalako. EH Bildu prest dago Udal hauteskunde horiek behar bezala lehiatzeko. Kanpaina prest dugu, eta hauteskundeak irabazteko dinamika guztia martxan dugu”.

 

Maider Lainez, PSE-EEko bozeramailea:

“Oso pozik gaude Andoainen lortutako emaitzekin. Oso emaitza ona da, berriro lehen indarra garelako. Oso animatuta gaude Udal hauteskundeei begira. Indarra bagenuen lehendik ere, eta honek indar gehiago emango digu. Gaurkoan Egizu posible zen gure lema, eta posible dela erakutsi dugu. Eskerrak eman nahi diegu konfiantza adierazi diguten guztioi. Eguna normaltasunez igaro da eta hori ere poztekoa da, gizarte heldu batean bizi garela erakusten duelako. Partaidetza handia izan da, historikoa esango nuke. Eskuineko hiru alderdiek ez dutela gehituko dirudi, eta gizarteak botoarekin erantzun duelako pozik gaude”.

 

Imanol Goenaga, EAJ-PNVko bozeramailea:

"Oso pozik gaude, emaitza historikoak baitira. Aspaldi ez genuela Espainiako Kongresurako horrelakorik ikusi. Azpimarratzekoa da Andoaingo lehen talde abertzalea garela. Abertzaletasunean Andoainen lehenak kokatu gara. Horrek garrantzia du, andoaindarrek Euskadiren interesak defendatzeko babesa eman digutelako. Presidentea baino gehiago, Andoaingo, Gipuzkoako eta Euskadiko interesak zeinek defendituko zituen hobeto zegoen jokoan. Argi ikusi dugu andoaindarrek bultzada eman diotela EAJ-PNVri, eta argi dago jeltzaleen aldeko apustua egiten dutela. Andoainen, Gipuzkoan eta Euskadin erreferentziazko taldea gara. Ospatzeko gaua da, baina bihartik aurrera lanean jarraituko dugu".

 

Tere Santana, Elkarrekin Podemoseko bozeramailea:

"Kontziente ginen 2016ko emaitzak ez zirela errealak, eta orain laugarren indarra baldin bagara ere ez zaigu emaitza txarra iruditzen. Izan ere, botuei erreparatuta, lehen hiru alderdien emaitzetatik gertu gaude. Ikuspegi orokorrarekin, VOXen etorrerak PSE-EEren aldeko boto erabilgarria indartu duela iruditzen zaigu. Herritar askok aukera horren alde egin du, eskuineko alderdiak gerarazteko helburuan. Zorionekoak gara guztiak, parte hartze datua handia izan delako. Zorionak PSOEri, eta noski eskertza gure hautagaitzari botoa eman dioten andoaindarrei".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!