Larraunen karobia berreskuratzen

Xabier Lasa 2019ko api. 28a, 12:45

Nafarroako Larraungo bailaran ari dira lanean azken aldian Burdina taldeko kideak. Azpirotz eta Lezaeta herriak batzen dituen N-130 errepidearen bazterrean dagoen karobia berreskuratzeko ahaleginetan dabiltza hain zuzen.

Bertako herritarrek ekin zioten karobia berreskuratzari urtearen hasieran, eta Burdinako kideak batu dira azken asteetan. Burdina elkartearen proiektuetan zuzendari lanak betetzen dituen Alfredo Moraza arkeologoak egindako txostenaren arabera, egoera kaskarrean zegoen Larraungo karobi horren egitura. Aurrealdea, saihetseko hormak eta gainaldea erabat erorita zeuzkan, eta hondakinez estalia zegoen kasik.

Bere barrualdea eta ingurua garbitu ondoren, etorkizunean hormak berreraikitzea izango da Burdinaren eginkizuna. Ohi duen bezala, elkarteak karobia eta karobien inguruko kultura gizarteratuz emango dio bukaera egitasmoari.

Bildu duten dokumentazio historikoari kasu eginez gero, Larraunen karobiak, kisulabe eta galtziñalabe gisa ere ezagutu izan dira. Larraungo karobiaren antzekoak ohikoak izan ziren erromatarren garaian eta erdi aroan Euskal Herrian. XVII. mendeaz geroztik hartu zuten indarra batez ere, “artuaren iraultza”rekin batera. Izan ere, XVI. mendean Ameriketatik Europara hainbat landare ekarri ziren (artoa, babarruna, tomatea, piperra…) eta erabat aldatu egin zuten gizartea, nekazariaren dieta ez ezik baita lurrari lotutako bizimodua ere. Artoaren landaketa ezinbesteko bilakatu zen nekazarientzat, beren elikaduraren oinarri nagusia izanik.

Hala zioen Aita Larramendik bere Corografia o descripción general de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa liburuan;: “Artoa gehiago erabiltzen da Gipuzkoan; Gonzalo Percáizteguik ekarri zuen lehenengoz Indietatik, eta gero beste probintzietara zabaldu zen. Ugari datorren alea da, eta San Markos egunetik aurrera landatu behar da. Horren irinarekin ogi handiak eta txikiak egiten dira, eta opil meheak, bero daudenean onak direnak, eta baita ere ogi sendoagoak; eta ohitzen direnez, jende askok gari-ogia baino nahiago ditu. Eta mendi-gizonek, ikazkinek, egurgileek eta bestek, ez dute gari-ogirik nahi, arto-irinez egindakoa baizik, elikagai sendoa delako, eta hori janez hobe egiten diotelako aurre euren lanari gari-ogia janez baino. Eta horrela irina mendira eramaten dute, txaboletan masa landu eta artopilak egiten dituzte, errauts azpian egosten dituztenak. Horrekin eta era berean elikagai sendoa diren egositako babekin ekaitz guztiei egiten diete aurre, euri-jasei, izozteei, elurteei eta urakanei. Jende pobre eta nekazarien ohiko ogia ere bada artoa.”.

Testuinguru historiko horretan, egundoko garrantzia hartu zuten kareak lurra ontzeko konposatu kimiko gisa, eta karea produzitzeko karobiek. XX. mendearen hasieran hasi zen karobien gainbehera, gizartearen industrializazio prozesuaren eraginez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!