Sei etxebizitza jarriko dituzte izaera sozialeko alokairuan

Aiurri 2019ko mai. 6a, 18:26

Gizarte mailako iragarpen garrantzitsua egin zuten Etxebizitzaren Mahaiko kideek, apirilaren hasieran. Udalaren jabetzakoak diren 6 etxebizitza alokairuan jarriko dituzte. Prozedura maiatzaren 6an abiatu da, eta informazio osoa Ataria arretarako informazio bulegoan eskainiko dute.

Ana Carrere alkateak egin zituen bozeramaile lanak, eta alboan izan zituen PSE-EE, EAJ-PNV, Ganemos eta Irabaziko ordezkariak. Hots, Udal ordezkaritza osoa. Eta haiekin batera Marce Garcia Stop Desahucios ekimeneko ordezkaria. Kide gehiagok osatzen dute Etxebizitza mahaia: Fiare, Caritas edota Gizarte Zerbitzuetako teknikariek.

Sei etxebizitza horietatik hiru premia berezia duten herritarrei eskainiko zaizkie (desgaitasuna duten pertsonak, guraso bakarreko familiak, alargunak, genero indarkeriaren biktimak, banatze prozesuan edota bananduta egon eta euren kargu pertsona gehiago dituzten kasuak, etab). Beste hirurak multzo orokorra deitzen zaion taldeari eskainiko zaizkio. 

Udalak eta maizterrak hitzarmena sinatuko dute, 3 urte eta 5 urte artekoa. Informazio gehiago, Anbrosia Olabide eraikinean eta Andoain.eus webgunean. Udalaren jabetzakoak diren sei etxebizitzak egokitzeko 230.000 euroko diru partida bideratu da.

Erlazionatuak

Etxebizitza alorreko ekimena

Jon Ander Ubeda 2019 api 12 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!