Horma artistikoak, irudimena lanean jartzeko

Xabier Lasa 2019ko mai. 10a, 14:23

Karkaba eta Correos-eko egoitzaren inguruan dauden etxeen horma zuriak modu artistikoan margotzen ari dira egunotan Eduardo Arreseygor, Marga Oiartzun eta Juanan Lazkano herriko artegileak, Andoaingo Udalak eskatuta.

Zinearen mundua da hormetara eraman duten gaia, iraganean, bertan, Iparragirre zinema egon zela gogoratuaz. Artelanak, gonbitea luzatzen dio kale estu horretan pasaeran doan oinezkoari, zinemaren unibertsoan murgil dadin.

Iparragirre zineman 70eko hamarkada arte funtzionatu zuen proiektoarekin hasten da irudia, eta hormaz horma, zinearen historian famatu egin diren aktore eta zuzendariak (Alfred Hitchcock, Mariyn Monroe, Pilar Rodriguez..), pertsonajeak (ET, Ameli, Charlot...) eta filmen jakin batzuen eszenak (Leku bat munduan, Txoriak...) ikusi daitezke.

Horma bakarra falta zaie margotzeko hiru margolariei, eta hurrengo astean amaituko dutela pentsatuta daukate.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!