Andoaingo baserritarrek, San Isidro zaindaria gogoan

Xabier Lasa 2019ko mai. 16a, 12:37

Zenbait andoaindarrek San Isidro nekazarien zaindariaren egun handia ospatu zuten atzo. Egun baserriko lanetara lotuta jarraitzen dutenak zein utzita daukatenak elkartu ziren giro politean, urteroko tradizioari eutsiz.

Bazkaritarako Txertota jatetxean bildu ziren Goiburu auzoan, eta mahaiaren inguruan makina bat gai izan zituzten hizpide, tertulia gozoa osatuz. Besteak beste, garai batean, umetan-eta, San Isidro baserritarren zaindari bihurtu izanaren arrazoiaren inguruan entzuten zituztenak gogoratu zituzten. Konparazio batera, La Salle ikastetxean ikasleek jasotzen zuten bertsioa aipatu zuen Joxe Joakin Jauregik: “esaten ziguten Isidro izeneko nekazaria mezatara joan zela behin, eta bien bitartean, aingeruak zerutik jeitsi egin zirela eta bere baserriko soruak denak goldatu egin zizkiotela. Eta guk, umeak izan, jota sinistu dena! Gure aurrekoek, amonak eta aitonak-eta, bere horretan joan ziren gure artetik, fede horrekin”.

Aldamenetik, Xabino Alkortak baserritarraren errealitatezko patua gogorazi zuen: "San Isidro egunean ere, egun handia izango da, baina maiz, goizean lana eta arratsaldean lana egitea egokitu zaio baserritarrari".

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!