Hari Orkestra Basteron ikusteko aukera

Xabier Lasa 2019ko mai. 17a, 14:58

Kamerata Oiasso hari-orkestrak kontzertua eskainiko du Basteron, ostiral honetan iluntzeko 20:00tan hasita. Taldeko Mikel Urdangarin Castro biolin joleak adierazi duenez, kontzertu atsegina eta goxoa izango da: “Ez da zertan musika klasikoan aditua izan beharrik gozatzeko”.

Mikel Urdangarin biolenjole trebatua Andoainen ikusteko aukera izango da, ostiral honetan, Kamerata Oiasso hari orkestrarekin batera. Taldeak Inglaterrako konposatzaileen obrekin osatuko du emanaldia

Zeintzuk osatzen duzue Kamerata Oiasso taldea?

Hamabost musikari profesionalek eta lau instrumentuek osatzen dugu taldea, gehienak musika irakasleak gara. Zortzi biolin joleak gara, hiru biola joleak, beste hiru biolontxelo joleak eta kontrabaxu bat. Bizpahiru kide kenduta, Irun aldekoak dira gehienak. Hortik dator izena. Orain lau urte sortu zen taldea, premia handi batek bultzatuta: musikariak garenok, irakasteaz gain musika jotzeko txoratzen egoten garelako. Egonkortu egin da taldea, oso giro polita dago gure artean; gutako bakoitzak gozatu egiten du tokatzen zaiona interpretatuz, eta esango nuke jendaurreko emanaldietan, entzulea, musikarien artean dagoen konfiantzaz eta konplizitateaz ohartzen dela. 

Zer eskainiko duzue Basteron?

Inglaterrako lau konposatzaileren (H. Purcell, W. Walton, E. Elgar eta G. Holst) piezekin osatuko dugu ordubeteko emanaldia. Sortzaile bakoitzari hamabost bat minutu eskainiko dizkiogu, bata bestearen atzetik pieza txikiak interpretatuz. Purcell barrokoa da; Walton lauetatik bereziena izango da, XX. mendearekin lotura gehiena duena, eta zuzenean apenas entzun daitekeena; Elgar, goxoa, intimoa eta sentibera da, bera entzunez begiak itxi eta sentimenduak pilatu egiten zaizkizu; eta azkenik, Holst. Alaia eta energikoa, ezin egokiagoa kontzertua festa giroan amaitzeko. Azken batean, intentsitatean in crescendo modukoa izango da kontzertua. Hori guztiaz gain, ezusteko txiki bat prestatu dugu.

Musika klasikoa hari-orkestra batek interpretatuta. Nola uxatuko zenituzke musika horrekiko baten batek izan ditzakeen aurreiritziak?

Ez da zertan musika klasikoan aditua izan behar. Nahikoa da eserlekuan eseri, eta gozatzeko prestatzea. Orain arte eman ditugun emanaldietara publiko zabala hurbildu zaigu, eta oso gustura egon dira.  

Berezitasun modura, kontzertu pedagogikoa eskainiko duzue aurretik.

Bai, ordubete lehenago. Musika ikasleentzat bereziki bideratuko da, baina gainerako publikoarentzat ere irekia dago. Taldeko bost musikarik lau konposatzaileen pieza zati batzuk joko dituzte, eta niri aurkezpen lanak egitea egokituko zait. Instrumentuen eta abestien inguruko azalpen didaktikoak emango ditut.

Musikari lotu-lotua jarraitzen duzu…   

Musika irakaslea naiz ogibidez. Egun, Donostia, Azkoitia eta Etxarri Aranatzeko Udal musika eskoletako irakaslea naiz. Biolin eta biola irakaslea lehenbizikoan, eta biolin irakaslea beste bietan. Musika jole bezala, Kamerata Oiassorekin ez ezik, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin eta Et Incarnatus orkestrarekin aritzen naiz. Nahiko finkoak dira ekimen horiek, eta gero, tarteka, handik eta hemendik kolaborazioak egiteko hots egiten didate; libre harrapatzen banaute, bada, aurrera! 

Atzean utzi zenituen Gozo-Gozo taldearekin dantzaldi giroko emanaldiak.   

Oso urte politak eta gozagarriak izan ziren Gozo-Gozorekin egindako urteak, baina denborak eta agendak ez zidan leku guztietara iristeko ematen, eta penaz utzi behar izan nuen. Et Incarnatus orkestrak euskal erromeria kutsuko dantzaldiak eta musika klasikoa uztartzeko aukera ematen du. Azken aldian, gainera, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskal abeslariekin (Maixa Lizarribar, Alex Sardui, Izaro, Gorka Sarriegi, Petti, Niko Etxart…) kontzertu gogoangarrietan parte hartzea egokitu izan zait. Luxu bat, edozein musika joleentzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!