Zipreko Kopa altxa nahi du Jon Gaztañagak

Jon Ander Ubeda 2019ko mai. 20a, 09:25

Zipren ere denboraldia amaitzen ari da. Ligan laugarren sailkatuta eta Kopako finala ziurtatuta, Gaztañaga eta AEL Limassol taldea datorren denboraldian Europan arituko dira. Realeko jokalari ohiari elkarrizketa. Kopako finalaren atarian.

Kopako finala ate joka duzue, Jon. Urteko hitzordu nagusia zuentzat

Bai, datorren asteazkenean APOEL taldearen aurka jokatuko dugu finala. Ligan laugarren sailkatu gara, eta orain finalera begira jarrita gaude. Denboraldiaren hasieran klubaren helburu nagusia Europako txapelketara itzultzea zen, eta hori dagoeneko ziurtatu dugu. Klubak, ordea, hogeita hamar urte egin ditu Kopa irabazi gabe eta une honetan gu guztion ametsa Kopa hori altxatzea da. 

Zail al dago Kopako finala irabaztea? Zein da zure aurreikuspena partida bakar horri begira?

APOEL azken urteetako talde onena da, Liga maiz irabazten ari dena. Baina gu bolada onean gaude. Denboraldiari bikain ekin genion, eta gero hiru hilabetez ez ginen oso ondo ibili. Orain, ordea, taldeak une gozoa bizi du. Taldean konfiantza berreskuratu dugu. Une onean iritsiko gara finalera. Gure aukerak izango ditugula iruditzen zait, nahiz eta Apoel aurrekontu aldetik talde handiagoa izan, eta jokalariak izenez garrantzitsuagoa izan.

Jokatu aurretik partida orekatu samar dago.

Nolakoa da hango jokoa, eta Liga?

Futbola da, eta arauak unibertsalak dira. Egia da, Espainiako Ligarekin alderatuta, taktikoki aldeak badaudela. Hamabi taldek osatzen dugu Liga, eta lehen zortziren artean maila antzekoa dago. Espainiako Liga ezberdinen parekoa. Beste lauzpabost talde daude, maila apalagokoak.

Maiatzaren 22ko finalak maila oneko partida izateko osagaiak izango ditu.

Taldeei eta jokalariei erreparatuta maila ona antzeman daiteke. APOELen maila handiagoa izan daiteke baina gure taldea une honetan konfiantzaz beterik dago. Ez gaude amore emateko prest, eta ea Kopa Limassolera ekartzea lortzen dugun. Denboraldiko helburuetako bat lortzea litzatekeelako. Gutxi falta da denboraldia amaitzeko eta jokalari, zaletu eta klubarentzat pozgarria litzateke.

Zu eta zure familia ondo al zaudete Zipre aldean?

Bai, oso gustura gaude. Klima aldetik, oso klima egokia da. Neguak bi hilabete irauten du baina ez da oso gogorra ere. Hiria ondo dago, oso turistikoa da eta zerbitzu asko eskaintzen ditu. Eskaintzen ari naizen futbol mailari dagokionez ere pozik nago. Hirurak pozik gaude. Egonaldia ingelesa ikasteko baliatzen ari gara.

Denboraldia amaitzear dago. Bertan jarraitzeko asmoa duzu? Etorkizunari buruz pentsatzen hasteko unea al da?

Zortzi egun hauetan jarrita daukat gogoa. Maiatzaren 22an izango da finala, eta pentsamenduak partida horri begira jarrita daude. Beste bi denboralditarako hitzarmena daukat, baina jakina da futbolean inoiz ezin dela ezer egintzat eman. Realean hitzarmena nuenean ere, azken denboraldia Tarragonan egin nuen. 

Esan bezala, Zipren beste bi urtez aritzeko lan hitzarmena sinatu nuen. Denboraldiaren amaieran ikusiko dugu.

Distantzia tarteko, faltan botatzen al dituzu Andoain eta etxekoak?

Gustura nago, emaztea eta semea nirekin daudelako. Hala ere familia, herria, lagunak, Donostia,... faltan botatzen ditut. Oso gustura gaude baina esaerak dioen bezala, etxean bezala inon ez.

Lagunak bisitan joan zitzaizkizun duela gutxi, eta gol polita egin zenuen.

Kasualitatea izan zen. Urteak ziren gola sartu gabe, eta poz handia izan zen lagunentzat eta baita niretzat ere. 

Ospakizun ederra denentzat.

Halaxe da, baita etxekoentzat ere. Emaztea eta semea nirekin ditut hemen eta haientzat ere poz handia izan zen. Nigan sinesten duten guztiei eta urteotan babestu nauten guztiei eskaini nien gola.

Zorte on finalean, eta ondo joan dadila partida Jon.

Eskerrik asko, ea Kopa altxatzea lortzen dugun.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!