2019ko udal hauteskundeak

"Hitza betetzen duen alderdia gara"

Jon Ander Ubeda 2019ko mai. 23a, 22:34

Marijose IzagirreAndoaingo EAJ-PNV alderdiko alkategaia

2015ean egin bezala, 2019an ere Andoaingo alderdi jeltzalearen buruzagitza hartu du. Hitza eta errespetua euren zutabe nagusi direla errepikatzen du

Zein ekarpen egin diezaioke EAJ-PNV alderdiak Andoaingo Udalaren gobernantzari?

Lidergoan eta akordio politikoetan sinisten dugu. Hitza betetzea gure ekarpen handiena da, hori da gure eredua. Pentsatzen dugu Andoain eta andoaindarrak behar duten tokian kokatzeko horixe dela egin genezakeen ekarpen handiena. Laburbilduz, lidergoa, akordioak eta emandako hitza betetzea.

Zer dela eta hartu zenuen Andoaingo jeltzaleen hautagaia izateko erabakia?

Lehenik eta behin Andoaingo alderdikide guztiek babesa eman didatelako. Azken urte hauetan egindako lana berretsi dute, eta babestuta sentitu naiz. 

Arrazoi nagusienetakoa andoaindarra eta andoaindar sentitzea da. Herriaren alde azken bultzada hori emateko aukera paregabea da.

Pozik zaude zure inguruan osatu osatu duzuen hautes zerrendarekin?

Bai, oso pozik gaude. Oso talde sendoa osatu dugu, lidergoa islatzen duena. Oso prestatuta, serioa eta erabakiak hartzeko gaitasuna duena. Udalgintzan eta gestioan ohitutako jendea da, eta mitinean esan nuen bezala, andoaindar peto-petoz osatutako taldea da. Andoaindarrak defendatzeko prest, eta Andoainen alde egiteko prest daudenak. 

Beti ere umiltasunetik, baina harrotasunez.

Agintaldia amaitzen ari da, eta zeuk zinegotzi modura barrutik bizi izan duzu. Zein da amaitzen ari den ziklo politikoaz egiten duzun balorazioa?

Gazi-gozoa, horrela definituko nuke nik. Blokeo egoera batean geunden, eta hitza eta erabakiaren bidez blokeo hori gainditu genuen. Andoain 2016an eta 2017an martxan jarri genuen, aurrekontuak onartu genituenean. Piskanaka andoaindarrei beste Andoain bat posible zela erakutsi genien. Hori garai gozoa izan zen.

Gero, gehiengoak aldatu zirenean, EH Bilduk emandako hitza ez zuen bete eta mahai gainean zeuden egitasmoak kaxoi batean sartu zituen. Penaz diogu, gauza asko egin zitezkeelako.

Hauteskunde programan sartuta, zein proposamen nagusi aipatuko zenituzke?

Udal Liburutegia Leizaur parkean, Jauregi baserriaren baitan egingo litzatekeen garapen urbanistiko bati lotuta. Etxebizitza berriekin eta lurrazpiko aparkalekuekin udaletxera eratorritako diruarekin, liburutegia eraikitzea ahalbidetuko litzateke.

Bazkardon, N1 eta A15 errepideen arteko lotunean, auto-ilaren arazoa gainditzeko saihesbidea proposatu dugu. 25 milioi euroko aurrekontua du, eta ziurrenik Bidegik finantzatuko du. Errepide berri horrek ikastolaren atzealdeko ibilbidea moldatuko luke, eta Udalak lurrak eskuratzeko aukera izango luke.

Andoaingo auzo ezberdinetan bizi kalitate eta baldintza ezberdinak ditugu. Guzti hori berdintasun batera eraman nahi dugu, eta horretarako Ama Kandida eta Etxeberrieta auzuneen eraberritzea proposatzen dugu. Alokairuzko etxebizitza sozialen aldeko apustua egin nahi dugu, besteak beste.

Beste ideia edo asmo batzuk aipatuko al zenituzke?

Merkatariek esfortzu handia egin dute, eta aurrera egiteko gai izan dira. Udalak lidergoa hartzea proposatzen dugu, dirulaguntza lerroak sortuz. Besteak beste, obrak egiteko edo merkatalgune berriak irekitzeko.

Beste proposamena izango litzateke Leitzarani lotutako turismo aktiboa sustatzea. Leitzaran altxor bat da, eta aterpetxea irekitzea premiazkoa da.

Kiroldegia handitzea nahiko genuke, eta hor kirol munduko behar berriei erantzun nahiko genieke. Igerileku irekia egitea eta oinezkoen bidea eta bidegorria Sorabillaraino luzatzea da asmoa.

Maiatzaren 26a bertan da. Zein da zuen aurreikuspena, igandeko Udal hauteskundeei begira?

Gu irabaztera goaz. Zenbakiei begira, alderdi bakoitza paretsu ibiliko da. Irabazten duenak, besteen gainetik, gobernua osatzeko abantaila txikia izango du. Baina, esan bezala, gu irabaztera goaz.

Zergatik eman behar zaio botoa EAJ-PNV alderdiari?

Hitza betetzen dugulako. Legealdi honetan beste Andoain bat posible zela aldarrikatu dugu. Eta hori aurrera eraman dugu. Andoaini azken bultzada emateko gu gara alderdi eraginkorrena. Prestatuta gaude, talde sendoa daukagu. Udalgintzan esperientzia handia duena. Prest gaude.

Akordio politikoei dagokionez, maiatzaren 27tik aurrera zer?

Errespetua eta hitza gure bi zutabe nagusiak dira. Errespetuarekin eta hitza betez akordioak lortzeko prest gaude. Ez daukagu inolako arazorik, inorekin. Legealdi honetan, gainera, hori erakutsi dugu ahal izan denean. Zenbakien arabera, akordioak lortu behar badira, gu horretarako prest gaude. Igandean zer gertatzen den ikusi behar da. Marra gorririk ez dugu jartzen, eta hitzarekin eta errespetuarekin akordioetara iristeko prest gaude beti.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!