2019ko udal hauteskundeak

"Akordioetara iristeko gaitasuna dugu"

Jon Ander Ubeda 2019ko mai. 23a, 22:37

Andoni Alvarez Lete Andoaingo EH Bildu koalizioko alkategaia

Nagusiki kirolaren eremuan egindako lanagatik ezaguna zen Andoni Alvarez. Iazko azaroaz geroztik Ana Carrere alkatearen lekukoa hartzeko hautagai gisa dihardu.

Zein ekarpen egin diezaioke zure alderdiak Andoaingo Udalaren gobernantzari?

Duela zortzi urte EH Bilduk Udal agintea hartu zuen. Lehen lau urteetan egoera ekonomiko zailari buelta ematea lortu zen, eta horrekin batera gobernatzeko beste eredu bat martxan jarri zen. Garai hartan sortu zen, esaterako, Ataria arreta zerbitzu bulegoa. Bigarren agintaldian alderdien arteko harremana nabarmen hobetu zen. Egoera ekonomikoa onbideratuta, azpegiturak berritzeko aukera izan zen. Besteak beste, hoditeria, argiteria, Arrate pilotalekua, parkeak... Agintaldi honetan, Udalak duen 4,4 milioi euroko dirubilduarekin, anbizioz jokatzeko garaia da. Pertsona ardatz hartuta, egindako lanari jarraipena eman behar zaio.

Zer dela eta hautagai izateko erabakia?

Asko pentsatutako erabakia izan da. Herriaren alde lan egitea barruan daramadan gauza bat da. Pilotan eta kirol esparruan herrigintzan aritu naiz, eta baita auzoko jaietan edota San Juan jaietan. Laguntza eske etorri zaizkit oso ekimen eta elkarte ezberdinetatik, eta nire ahotik beti baiezkoa jaso dute. Udalgintza beste urrats bat da, herrigintzan egon daitekeen pausorik handiena. Eman dudan urratsa, ezinbestean, familiaren babesari esker izan da. Bestela ez nuke ardura berria hartuko.

Zer da zuretzat Andoain?

Nire herria, eta nire bizitzeko modua da. Mundua ikusteko nire betaurrekoak direla esango nuke. Kirola, gizartea, politika... guztia Andoaingo ikuspegitik bizi dut. Ezinbestekoa da Andoain, nire bizitzan.

Pozik zaude aurkeztu duzuen hautes zerrendarekin?

Oso pozik. Eta eskertuta nagoela esan dezaket. Jende askorekin hitz egin dugu zerrendan joateko, edo babesa erakusteko. Eta baita, beste kasu askotan, iritzia eskatzeko. Prozesu hori neuk gidatu dut, eta egin diguten harrerarekin oso pozik nago. Andoaingo ezkertiar ikuspegia eta abertzaletasuna, modurik zabalenean, hautes-zerrendan eta babes taldean ondo islatuta ageri dira.

Agintaldia amaitzen ari da. Zeu berria zara politikagintzan, baina zein da 2015-2019 agintaldiaz egiten duzun balorazioa?

EH Bilduk azken urteetan akordioetara iristeko izan duen gaitasuna goraipatuko nuke. Gutxiengoa izanik, lau urteetan jarraian aurrekontua gehiengo osoz onartzea lortu dute. Oso datu ona da hori. 

Bestalde, udalgintza osoan zehar batzordeetan eta plenoetan egon den adostasun maila oso oso altua izan da.

Fokoa azpiegituratan eta gauza teknikoetan jartzeko joera dugu, baina nik uste dut aurrerapauso handiena pertsonen arteko desberdintasunak gutxitzen eman dela. Eta hor daude, adibide modura, gizarte mailako politikak eta ekimen ezberdinak.

Zeintzu dira EH Bilduk proposatzen dituen neurri garrantzitsuenak?

Udal Liburutegia Makaldegian jartzeko proposamena luzatu dugu. Bertan egin nahiko genuke, eta argi utzi nahi dut liburutegia bertan eraikitzea azoka antolatzearekin eta aparkaleku nahikoak bermatzearekin osagarria izango dela.

Kiroldegia txiki geratu da, eta kirol elkarteen eta erabiltzaileen eskaerei jarraituz, azpiegiturak handitu eta osatu egingo ditugu.

Aparkalekuen eta trafikoaren berrantolaketa bat egingo dugu, egun dauden arazoei irtenbidea emateko.

Beste ideia batzuk aipa itzazu.

Liburutegi berriarekin, Emakumearen etxea egungo liburutegiaren instalakuntzatan egokituko dugu. Garrantzia handiko egitasmoa da hori.

Gauza materialak garrantzitsuak izateaz gain, ezin ditugu andoaindarrak ahaztu. Bertan bizi diren pertsonek erdigunean egon behar dute, eta Ana Carrerek zabaldutako bidetik jarraituko dugu. Behar gehien dutenei eta adinean gora doazenei laguntzea lehentasuna da guretzat. Auzoei dagokionez, Udal Gobernuak Ama Kandidako eta Etxeberrietako ekimenak bideratuta utzi ditu. Gazteei dagokionez, Gazte Kontseilua sortu eta teknikariaren plaza sortuko dugu.

Zein aurreikuspen egiten duzu maiatzaren 26ra begira?

Egun hauetan kalean gabiltza eta jendearen aldetik jasotako sentsazioagatik, duela lau urteko babesa areagotuko dugulakoan nago. Boto guztiak beharko ditugu, herritar bakoitzarena garrantzia handikoa izango da.

Zergatik eman behar zaio EH Bilduri?

Azken zortzi urte hauetan politika egiteko beste modua badagoela erakutsi dugulako. Ekonomikoki bideragarria dena, eta parte hartzailea. Hurbileko politika egiteko gai garelako. Horretarako, hautes-zerrendan esperientzia eta balio handiko zinegotziak eta ideia berriekin gatozen kide gazteak uztartu ditugu.

Akordio politikoei dagokionez, maiatzaren 27tik aurrera zer?

Alkatetza bertako herritarrek erabaki behar dute. Donostiako edo Bilboko bulego batean egiten den paktu batean ezin da erabaki hori hartu. Lainezek edo Izagirrek irabaziz gero, herritarren erabakia errespetatuko dut. Neronek, EH Bildurako, gauza bera eskatzen dut.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!