Maria Caridad Bernalek jaso zuen Hogar Extremeñoren oroigarria

Xabier Lasa 2019ko mai. 31a, 13:28

Maria Caridad Bernalentzat izan da Hogar Extremeño elkarteak pertsonarik zaharrenari aurten eskaini dion oroigarria. Ana Carrere alkatearen eskutik jaso zuen oroigarria asteazkenean. 1979z geroztik urtero ospatzen den ekitaldia da horixe, eta oso ospe handia dauka Hogar Extremeño elkartearen bazkide eta adiskideen artean.

90 urte ditu Maria Caridad Bernalek. Salamancatik 60eko hamarkadan Andoainerako bidea hartu zuen, han ez baitzuen bizimodua ateratzeko etorkizun askorik ikusi. Villavieja de Yeltes herrian jaio zen, eta gaztetan, Bañovares izeneko ondoko herriko Jesus Agudo ezagutu eta harekin ezkondu zen. Bikoteak Salamanca utzi eta Euskal Herrira etortzea erabaki zuen 60ko hamarkadan, bizi baldintzak hobetzeko asmoz, lehen esan bezala.

Andoainen etxebizitza topatu bitartean Elixondon ostatua hartu zuten, estatutik garai hartan zetozen beste makina bat emigranteek egin zuten bezalatsu. Laster, senarrak Leitzarango papertegian lana topatu zuen, eta Agustin Leitzako auzoan jarri ziren bizitzen. Bi seme eduki zituzten, Angel eta Jesus. Senarra 2011n hil zitzaion.

Maria Caridad Bernalek asteazkeneko ekitaldian aitortu zuen gogorra egin zitzaiela senarrari eta biei Salamanca utzi eta Andoainera etortzeko erabakia hartzea, baina hemengo jendeak abegi ona egin ziela, eta horri esker berehala sentitu zirela bertakotzat.

Maria Caridadek Hogar Extremeño elkartearen egoitzara joateko ohitura handia dauka aspalditxoan, eta joan den asteazkenean bere arratsalderoko adiskideekin batera ospatu zuen otorduaren eta oroigarria ematearen ekitaldia, Araceli eta Trini Alvarez ahizpekin, Carmen Carranzarekin, Mari Juanekin eta Maria Dolores Juezekin, alegia. Guztiak ere, egoera ekonomikoa zela-eta, gaztetan, Gaztelatik emigratu zuten emakumeak dira; Salamanca, Soria, Burgos eta Palenciatik hain zuzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!