Boluntariei eskerrak emateko unea

Xabier Lasa 2019ko eka. 6a, 17:58

Andoaingo Caritas elkartea herriko makina bat pertsonak osatzen dute. Nor bere eginkizunetan murgiltzen da elkartearen barruan urtean zehar, eta elkarteko zuzendaritzak egokia ikusi zuen atzo denak biltzea, esker ona azaltzeko. Santa Krutz elizaren erretoretxean egin zen ekitaldi jendetsua.

Jende mordoska azaldu zen ekitaldira, gazteak zein helduak. Virginia Hernandez elkarteko lehendakariak hitza hartu, eta guztiei eskerrak eman zizkien, urte osoan lanean aritu direlako “modurik boluntarioenean eta beti ere beharra duten herrikideen alde”. Mahai baten inguruan jarraitu zuen ekitaldiak, zizka-mizkak janez eta tertulia gozoan.

Herrian oinarrizko gauzetan premia handia daukaten pertsona eta familiei laguntzea du helburu Andoaingo Caritas elkarteak, eta lau egoitzetan garatzen ditu bere egitasmoak egun: Zumea kalean (egoitza nagusia), San Martin parrokiako erretoretxean biltegia, Kaletxikiko jantzien zerbitzua (Edurne kirolak saltokia izan zena) eta Anbrosia Olabide egoitzan eskola txikia.

Hiru lan sail dauzka antolatuta, batik bat, elkarteak: elikagaien bankua, errefortzuko eskola txikia, eta erropen bilketa eta jostunak. Jende ugari biltzen da lanerako sail horien inguruan, esan bezala;: nork zer egin behar duen, ondo zehaztuta daukate.

Mari Gutierrez, Andoaingo Caritasen jantzien bilketako sailean aritzen da. “Bost edo sei pertsonek osatzen dugu taldea. Kaletxikiko biltegian (lehen Edurne kirolak denda zena) biltzen gara, astelehen eta asteazkenetan, 16:00etatik 19:00ak arte. Bi eginkizun betetzen dugu, batik bat: batetik, Andoaingo jendeak arropak ekartzen dituenean, guk jaso, sailkatu, eta egoera onean dagoena txukundu egiten dugu. Bestetik, Caritas elkartera bertaratu eta balorazio lana egin zaien familiekin harremanetan jartzen gara eta horiei behar dituzten arropak ematen dizkiegu. Egoitza irekitzen dugun egunetan, beti azaltzen da baten bat arropa uztera edo hartzera, eta beraz, beti daukagu mugimendua. Gurea ez da horrenbesteko lana, baina ardura eskatzen du. Azken batean, gizartearen ongizatearen aldeko konpromisu txikia hartzen dugu, eta horrexegatik gaude hemen. Andoaingo Caritas elkartea, boluntario askoko familia bat gara; denok gara herrikoak eta denok elkar ezagutzen gara. Aurten, gainera, gazteak hurbildu zaizkigu, eta poza ematen du horrek”.

Aurtengo ikasturtean, konparazio batera, La Salle-Berrozpe ikastetxean batxilergoa ikasten ari diren 12 ikasle jardun dute kolaboratzaile gisa. Horietatik, zortzi azaldu ziren Santa Krutz elizako erretoretxean atzo egin zen ekitaldian:  Angela Arias, Baxa Larraio, Nerea Urrutia, Nahia Idigoras, Paula Dominguez, Joseba Iriarte, Maria Miguez eta Ander Julian. “Lehenbizi Izartxo aisialdiko taldeko monitore gisa hasi ginen, eta ikastetxeko Xabier Huitzi irakasleak proposatu zigun Caritasekin kolaboratzeko. Animatu egin ginen, eta egia esanda, oso esperientzia polita eta aberasgarria izan da. Anbrosia Olabide egoitzan dagoen errefortzuko eskola txikira bideratu dugu geure ahalegina. Eskola hori sei bat irakaslek osatzen dute, eta gu, nolabait, horien laguntzaileak izan gara. Astean bitan 50 ikasle hurbiltzen dira eskolara, eta horiei laguntza eskaini diegu etxeko lanak egiten edo hainbat ikasgai lantzen, hala nola, matematikak, fisika, euskara... Jolaserako eta aisialdiko ekintzetarako ere hartu dugu denbora. Umeak, orokorrean, oso gustura etorri izan dira. Egia da zenbaitetan gogorra egin zaiela guregana etortzea, beren ikastetxean goiz eta arratsalde egin ostean. Baina batzuk, gu noiz azalduko zain egoten ziren; gu ikusi orduko irribarrea marrazten zitzaien ezpainetan eta besarkatu eta guzti egiten ziguten. Lagunen moduan hartzen gintuzten. Horrela, emozio handiko uneak bizi izan ditugu, oso polita izan da. Nahiko genuke jarraitu hurrengo ikasturtean, baina ez dugu erraza edukiko, ez baita erraza geure ikasketen ordutegiekin bateragarri egitea”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!