2019ko udal hauteskundeak

Andoni Alvarez Leteren aldeko mugimendua

Aiurri 2019ko eka. 9a, 09:19
Andoni Alvarezen aldeko afitxa Arrate pilotalekuaren kanpoaldean.

Larunbat goizean "Andoainek nahi du" edota "Andonik merezi du" goiburuak zituzten afitxak agertu ziren Andoaingo kaleetan. 2823 mugimendua hitzak ageri dira, eta internet sarean zeregin berarekin 2823.eus webgunea zabalik dago. Edukien artean, Alvarezen aldeko manifestua, bideo bat eta atxekimendua emateko aukera.

"Eman diezaiogun aukera bat" esaldia ere ageri da afitxa horietan, Andoaingo toki esanguratsuetan agertu zirenak. Besteak beste, Zumea kalean, Kale Nagusian, Kaleberrian, Nafarroa plazan edota Kaletxikin. 2823 mugimendua delakoak sustatu du, eta zabaldu duten webgunean Aiurrik ostegunean jaso zuen manifestua ageri da. Eta baita manifestuarekin bat egiteko sinadura bilketa ere.

Ekainaren 15ean kargu hartze ekitaldia

Udal hauteskundeen kanpainak bi asteko iraupena izaten du. Kargua hartzeko ekitaldirako, aldiz, denbora gehiago behar izaten da. Zehazki, hiru aste. Politika gertutik eta pasioz bizi duten andoaindarrentzat, emozioz beteriko garaia izaten da. Duela lau urte bezala, gehiengo osorik ez baitago. Garailea Alvarez izan zen, baina aritmetikoki Lainez ere alkate izan daiteke. Eta nazio mailako hedabideek diotenez, EAJ-PNV eta PSE-EE Euskadiko mailako akordioak lantzen ari dira.

Alkatea aukeratzeko prozedura

Andoainen, orain arte, zinegotzi bakoitzak alkategaia boto sekretuarez bidez aukeratzen du. Hautagaiaren izena paper batean idatzi eta idazkariak eskaintzen dion hautes-ontzian sartu behar du. Ondoren, botoen zenbaketari ekiten zaio. Lehen bozketa horretan gehiengo osoa lortzen duen hautagaiak alkatetza eskuratuko du. 17 zinegotzietatik 9ren babesa behar da. Gaurkoz, alkatetzarako Andoni Alvarezek (EH Bildu) eta Maider Lainezek (PSE-EE) bere burua aurkeztuko dutela ziurtzat eman daiteke.

Bozketan gehiengo osoa lortu ezean,maiatzaren 26ko irabazleak jasoko du aginte-makila. Kasu honetan, Andoni Alvarezek.

Kargua hartuko duten zinegotziak

ANDOAIN

EH BILDU:

1. Andoni Alvarez.

2. Esti Mujika.

3. Jon Zulueta.

4. Garazi Usandizaga.

5. Julian Lopez.

6. Maite Etxeberria.

7. Xabier Fondon.

PSE-EE:

8. Maider Lainez.

9. Jose Luis Verdasco.

10. Ascen Parron.

11. Petri Romero.

12. Oscar Mendo.

EAJ-PNV:

13. Marijose Izagirre.

14. Mikel Arregi.

15. Iñaki Egibar.

16. Txitxu Ruiz.

ELKARREKIN PODEMOS:

17. Tere Santana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!