Marga Aldaburu, gauza txikien margolaria

Xabier Lasa 2019ko eka. 11a, 20:54

Marga Aldaburu etxean topa ditzakegun objetu txikiekin kuadroak egiten dituen artista da. Objetu gutxirekin osatutako irudien bidez, ikuslea hausnartzera jartzen du Aldaburuk. Ekainaren 14a da azken eguna Basteron jarri duen erakusketa ikusteko aukera. Ostirala azken eguna. Ordutegia: 18:00-20:00.

Naturak eskaintzen dizkigun fruituak (sagarrak, udareak, gereziak...), zuhaitz-ostoak, edo eta etxean eskura dauzkagun edalontziak hautatu, horiek mahai baten gainean ipini gogoak edo inspirazioak agindu ahala, eta nahikoa du horrekin Aldaburuk sormen lanari ekiteko. 29 kuadrok osatzen dute Basteron jarri duen erakusketako bilduma, olioa egurraren gainean egindakoak guztiak ere. “Xarma” da erakusketaren izenburu nagusia.

Sormen prozesua azaldu du Marga Aldaburuk: “Normalki lehenbizi konposaketa egiten dut. Nahi ditudan objetuak, etxean dauzkatenak, txikiak, mahai batean ipintzen ditut. Buruan aurrez ideia zehatz bat eduki arren, gero lanean hasi ahala gauzak aldatzen joaten naiz tarteka. Atzealdean kolore garbia, zuri antzekoa jartzen dut, azken batean objetuek hartu dezaten protagonismoa, ikuslea ez nahasteko eta bere begirada eta kontzentrazioa objetu horiengan bildu daitezen. Konposaketa guztia eginda dagoenean, argazkia ateratzen dut eta horretaz aurrera margotze lanari ekiten diot”.

Kaudroetako irudi horietan transparentziekin, erreflejuekin eta itzalekin jokatzeko joera dauka Aldaburuk.

 

Egonerokoaren errepresentazioa

Kuadro bakoitzak bere izenburua darama. “Kuadroa egin ostean ipintzen dizkiet izenak; nolako inspirazioa, halako izenburua”. Esanahiez beteriko izenburuak dituzte gehienek ere: “Gora beherak”, “Etxegabea”, “Bilera”, “ausardia”, “Lotura”, “Bizipen bila”, “Ihesean”...

Gizakiek eguneroko bizitzan bizi ohi dituzten egoerak edo sentimenduak islatzen ditu Aldaburuk. Ikusleak bere kuadroen aurrean jartzean, kontenplaziorako ariketa egin dezala nahi izaten du, horrekin irudimena edo fantasia landu dezakeelakoan. “Begira-begira, jarri, eta beharbada burura zerbait berezia datorkio. “Lotura” izenburua daraman kuadroan, adibidez, bi objetu agertzen dira, baina irudimena aske utziz gero, ikusleak bi pertsonen edo bi sentimenduen errepresentazioa ikusi dezake hor”.

 

Kolore intentsoak

Marga Aldaburuk ez ditu kolore ugari erabiltzen bere lanetan: “intentsoak ditut gogoko. Ez didate beldurrik ematen, kontrakoa baizik. Batik bat gorria dut izugarri gogoko dut, sendoa da, eta ausardiarekin identifikatzen dut. Mezu itxaropentsua islatzen du kolore horrek. Bizitzan aurrera egiteko ez baitzaigu ausardia besterik geratzen. Zer bestela?”.

 

Hasi berria erakusketen munduan

Marga Aldaburuk umetatik sentitu izan du marrazketa artistikorako joera. “Baina orain bizpahiru urte ekin nion serio kuadroak egiteari. Geroztik, denetik egiten ari naiz, baina edukiaren eta materialaren aldetik antzekoak diren artelanak bakarrik ekarri ditut Basterora”.

“Orain aurretik, Bearnon (Atlantiar Pirinioetako Departamendua) egin du bere bizitza lehen erakusketa; bigarrengoa du Basterokoa. Ekainaren 15etik aurrera, Olitera (Nafarroa) eramango ditu artelan guztiak.

Jendaurrean orain agertzen hasi izana prozesu natural baten emaitza gisa ikusten du: “Iraganean ez nion nire buruari planteatzen erakusketarik egin nezakeenik, baina azken aldian aukerari heldu diot, eta zergatik ez esan, pozik nago, ez dit inongo bertigo edo lotsarik sortzen”.

Ikusleek, bere ingurukoek zein ezezagunek, kritika onak egin dizkiote orain arte. Batek baino gehiago harridura agertu dio, Iñaxi gozotegiarekin identifikatzen baitzuten; ez zuten espero artistaren bokaziorik eduki zezakeenik.

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!