"Andoainen etxebizitza erosteko une aproposa da"

Aiurri 2019ko eka. 15a, 08:19

Ana Iriondo Leizaran inmobiliariako ordezkariari elkarrizketa: "Andoainen igogailurik gabeko etxebizitza asko dago. Beraz, igogailurik gabe laugarren solairuan bizi den jende heldua ez da kalera ateratzen. Horien artean bai, etxebizitza aldaketa egiteko eskaera dago".  

Ibilbide luzeko negozioa da zuena.

Leizaran higiezinen etxeak orain dela hogeita hamar bat urte ireki zituen ateak. Cesar Ramos eta nire aita Joxe Mari Iriondo ziren bertako lankideak. Denborarekin Kale Nagusiko lokalera etorri eta oraindik bertan jarraitzen dugu. Nik jada 16 urte daramatzat bertan lanean.

Zein da gaur egungo merkatuaren egoera?

Orain etxe bila datozen bezeroek etxebizitza bat dute, baino hori hobetu nahian dabiltza. Andoainen bi gelako eta igogailurik gabeko etxebizitza zahar asko daude. Etxea ia ordainduta duten familiek etxe handiagoak erosi nahi izaten dituzte,
eta batez ere Zumea plaza inguruetan.

Eta alokairuzko merkatua zein egoeratan dago?

Andoainen alokairua garesti dago. Oso etxebizitza gutxi dago alokairuan eta etxebizitza bakoitzeko berroigeita hamar pertsona ditugu alokatu nahian. Prezioak geroz eta altuago daude, eta alokatzen diren etxebizitzak tamainaz oso murritzak dira. 

Adinekoa, mugikortasuna dela eta, aldaketa eskatzen ari al da?

Bai, aipatu bezala, Andoainen igogailurik gabeko etxebizitza asko dago. Beraz, igogailurik gabe laugarren solairuan bizi den jende heldua ez da kalera ateratzen. Horien artean bai, aldaketa eskaera egon badago. 

Etxebizitza erosteko une ona al da?

Erosteko momentu ona da, bai. Andoainen orain prezioak izoztuta daude, ez dira igo. Bere garaian asko jaitsi zen oro har prezioa, eta hor geratu da. Inguruko hainbat herrietan, aldiz, gora egin dute. 

Andoainen erosteko une ona da, bai.

Kanpoko jendea etortzen ari al da Andoainera bizitzera?

Andoain ez da lotarako herria. Normalean Andoainera bizitzera etortzen dena bertan bizitza egitera etortzen da. Orokorrean, eroslea betidanik Andoainen bizi izan dena da. 

Etxebizitza erosterako garaian zer negoziatu daiteke? Prezioa, baldintzak,...

Prezioa. Lehen, prezioa askoz ere gehiago jaistera irits zintezkeen. Baina orain %5aren bueltan ibiltzen da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!