Jende Xumea ekimeneko kideak bidaiarako prest

Jon Ander Ubeda 2019ko eka. 18a, 07:56
Zutik, Kristina Artola, Amaia Garcia, Olaia Garcia eta Laida Reguillaga. Behean: Aiora Eskudero, Endika Merketegi, GarbiƱe Aizpurua eta Luis Eskudero. Falta dira,Maider Arano, Candela Manjon, Ekhi Merketegi, Juan Andres Fernandez.

Andoain, Villabona eta Irurako hamar gaztek elkartasunezko proiektu batean parte hartuko dute Bolivian, uda honetan. “Jende Xumea” izena du proiektuak, eta Boliviako hiria den Santa Cruz de la Sierran gauzatuko da.

La Salle-Berrozpe ikastetxearen ekimenekoa den Proyde-Proega gobernuz kanpoko erakundea hainbat proiektu gauzatzen ari da, besteak beste Bolivian. Uda honetan lurralde hartan murgilduko dira eskualdeko gazteak. Esperientzia horretan Luis Eskudero La Salle-Berrozpeko irakaslea eta Juan Andres Fernandez irakasle ohia bidelagun izango dituzte. Boliviako hiria eraztunetan banatzen da; zenbat eta atzerago eraztunetan, orduan eta bizi baldintza kaskarragoak. 

"Jende xumea" ekimeneko boluntarioak, hara iristean, bi taldetan banatuko dituzte. Horietako bat bigarren eraztunean egongo da. Bertan umezurtz etxea dago, ikastetxe gisa funtzionatzen duena. Hango umeei eskolan laguntza eskainiko diete, eta aisialdia beraiekin partekatuko dute. Bigarren taldea zortzigarren eraztunera joango da, Plataforma solidarioa izeneko egoitzara; bertan jantoki solidarioa eta haurtzaindegi zerbitzuak daude. Eta baita behar bereziak dituzten haurrentzako gunea ere.

Bertako boluntarioen prestakuntza

"Urtea daramagu egitasmoa lantzen. Gautena Gipuzkoako autismo elkarteko kideekin trebakuntza jasotzen ari gara. Eta, bestetik, hara eramateko materiala biltzen ari gara. Dagoeneko lortu ditugu Euskalduna, Real eta Eibar futbol taldeen eta eskubaloiko Leizaran taldearen baloiak, txandalak eta elastikoak. Ahalik eta ekipamendurik gehiena eraman nahi dugu gurekin, eta horretarako, gutako bakoitzak bi maleta bete-beteta eramango ditu”. Joan etorriko bidaia nork bere patrikatik ordainduko du.

Boliviako auzune txiroenetara bost hilabetez luzatuko den esperientzia izango da. “Ilusioz beteta goaz. Badakigu nora goazen, eta hemen bizi dugun burbuila honetatik irten eta munduaren bertsio latzagoaren berri edukitzeko ondo etorriko zaigu. Azken batean, laguntzera goaz, geure borondate guztiarekin. Seguru gaude bizipen aberatsa suertatuko zaigula, eta Bolivia aldetik eskarmentuz beteta itzuliko garela”.

Laguntzarako bideak

Proiektuari laguntza eskaintzeko edo eurekin harremanetan jartzeko, honako bideak zabaldu dituzte:

• Emaila: jendexumea.andoain@gmail.com

• Facebook: Jende Xumea Andoain

• Instagram: @jendexumea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!