Sanjuanak 2019

Klaap dantza eskola jaietako taula gainera

Aiurri 2019ko eka. 23a, 11:05

Cristina eta Leire Andreu ahizpak Klaap dantza eskolako arduradunak dira. Azken hiru urteetan dozenaka herrikide dantza garaikidean murgiltzea lortu dute.

Hiru konpainia ezberdin dantzan, azalduko al zenuke emanaldia?

La Salle Berrozpeko talde bat aterako da, zumba dantza taldeak Flash Mob  modukoa egingo du, eta Klaap dantza eskolakook 5-6 talderekin irtengo gara.

Ikasturte amaierako dantza emanaldia dela esango zenukete?

Ez da ikasturte amaierako dantza, guk dagoeneko egin dugu emanaldi hori Basteron. Ikasturtez ikasturte talde ezberdinak eta adin desberdinetakoak dira San Juan jaietarako aukeratzen ditugunak. Esan bezala, ez da ikasturte amaierako emankizuna izango, festetan parte hartzeko beste zerbait da.

Udan oporrak izango al dituzue?

Ikasturte berriarekin irailean hasiko gara, baina uztailean udalekuak egiten ditugu. Goizez hiru astez aritzen gara, dantza, musika eta jolasak uztartuz. Andoaindik barrena irteerak ere egiten ditugu.

Modan dagoen joera dela iruditzen zaizue?

Bai. Egia da gorabeherak daudela, baina umeen oso gogokoa da. Egia da orain onarpen zabalagoa duela. Agian, lehen dantza egitea balletarekin bakarrik erlazionatzen zen. 

Gaur egun berriz, dantza modernoarekin lotutako telebista programa gehiago ikusten dira. Ez dakigu modagatik den ala ez, baina jende gehiago animatzen da dantza egitera.

Zer nolako harrera eduki du Klaap dantza taldeak, Andoainen?

Oso-oso pozik gaude, hirugarren ikasturtea bukatzen ari gara, eta egia esan, pixkanaka hasi ginen, baina lehen momentutik adin guztietako jendea eduki dugu. Geroz eta talde gehiago sortzen ari dira. Aurreko urtetik talde oso politak mantendu dira.

Urtetik urtera jende gehiago animatzen al da dantzatzera?

Batez ere, lehenengo urtetik bigarrenera salto handia egon zen. Bigarrenetik hirugarrenera berriz, mantendu egin da kopurua.

Jende kopuru handia apuntatuta badago, taldeetan jartzen ditugu, eta daukagun espazioaren arabera jokatzen dugu. Taldeak ere asko dira, arratsalde guztiak beteta ditugu. Beraz, taldeen eta espazioaren arabera antolatzen gara.

Haurren akademia da, baina helduen artean interesa piztu da?

Bai, gu aurten oso pozik gaude. Urrian gurasoen talde bat sortu zen eta justu igandeko emanaldian dantzatzera animatu ziren. Beraiek oso pozik daude, eta gu gehiago; Talde oso polita da.

Iñauterietako emanaldia oso arrakastatsua izan zen...

Lehenengo ikasturtean probak egin genituen inauteriei begira, eta arrakasta izan genuen, bigarren urtean are gehiago. Azkenean askok ematen dute izena egun horretan, gehienak urtean zehar gurekin egoten direnak dira. Oso pozgarria da, entseguak egiten ditugu, baina lan handia da; karroza laguntzarekin bada ere guk geuk muntatzen dugu, zertaz mozorrotu behar garen pentsatu behar dugu, eta dantzak sortu egin behar ditugu. Entseguak berriz, Ondarreta ikastetxean egiten ditugu.

Zer behar da dantza egiten hasteko?

Gogoa. Lotsa kendu eta, batez ere, helduagoak direnek ispilu aurrean jarri eta euren kabuz entseatu behar dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!