Sanjuanak 2019

Sanjuanak19: Kartel lehiaketa

Xabier Lasa 2019ko eka. 21a, 11:29

Itziar Gutierrezek irabazi du Sanjuanak 2019 kartel lehiaketa, "Itzalak dantzan" kartelarekin, eta hortaz, berea da esku programaren azaleko irudia. Nerea Hernandezen "Dantzan" kartelak bigarren saria jaso du. Bigarren mailan, Sheila Orejaren "Akelarre" eta Aitor Pulponen “San Juan gaua” nabarmendu dituzte.

 

Sheila Orejak, gazteen mailako lehen saria jaso du:

¨Eskerrak eman nahi dizkiet nire marrazkia aukeratu duten epaimahaiko kideei. Unanibiko zubian sorginak dantzan irudikatu ditut marrazkian. Izan ere, majikoa iruditzen zait leku hori; familiarekin, lagunekin edo txakurrarekin joaten naiz askotan, eta gogoko dut. Zergatik ez, beharbada, San Juan gauean guztiok Goikoplazan suaren inguruan biltzen garen bitartean, sorginak Ubitarteko zubian bilduko dira beren festa egiteko¨.

 Itziar Gutierrezek, helduen mailako lehen saria eskuratu du:

¨Azken urtetan, lagunekin batera, San Martin elizako kanpai-dorrera igo, eta kanpai joleei laguntzea egokitu izan zait San Juan gauan. Errituala da guretzat, urtea agurtzeko modu bat. Kanpai-dorretik ateratako argazkia du oinarri kartelak, hain zuzen. Goiko ikuspegia pribilegio bat da, oso herritar gutxik goza dezaketena, eta beraz, nire ideia izan da gainerako herritarrekin nolabait partekatzea hori, irudi baten bidez besterik ez bada ere.

Oso zaila da originala izatea kartelen lehiaketan, eta oso erraza ohiko elementuez baliatzea, San Juan jaiak gaitzat hartuta; izan ere, ohiko elementuak hartzera jotzen dugu, dantzariak, sua... Horrexegatik, saiatu naiz ohikoa ez den ikuspegiaz baliatzea, eta Urkiko dantzariek proiektatzen dituzten itzalek estetikoki adierazten dutenarekin jokatzea. Jatorrizko argazkiarekin soilik kontrasteak landu ditut, itzalen jokoan sakontzeko¨.

Aurtengo edizioan sei lan aurkeztu dituzte 17 urtetik gorakoen mailan; 49 izan dira 12-16 urte bitartekoen artean. Atzo arratsaldean banatu ziren sariak, eta udal ordezkari gisa bertan izan ziren Maider Lainez alkatea, Marijose Izagirre Alkate-ordea, Txitxu Ruiz kulturako zinegotzia eta Esti Mujika kulturako zinegotzi ohia.

Kultura Batzordeak urtean zehar antolatu dituen ikastaroetako ikasleek sormenaren arloan egindako lanak (pintura, marrazketa, egur taila, eta arte aplikatuak eta idazketa sortzailea) ikusgai jarri dira Basteroko erakusketa gelan, kartelekin batera. Ekainaren 28a bitarte ikusi ahal izango dira.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!