Udal ardurak banatzeko ez ohiko batzarraldia

Jon Ander Ubeda 2019ko eka. 26a, 20:20
Ezkerrean EH Bilduko zinegotziak, erdian PSE-EEkoak eta eskuinean EAJ-PNV, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduko zinegotzia.

Agintaldi berriko lehen plenoa egin dute, Udal hauteskundeak igaro zirenetik hilabetea betetzen den egunean bertan. Gaurkoan Udal arduren, gobernu osaketaren eta lanaldien inguruko erabakiak hartu dituzte.

San Juan jaietan Udal arduradun berriek gizartearen aurreko agerpena egin dute. Jaiak igarota, politikari eusteko garaia da. Gaurkoan abiatu da plenoen aro berria, Lainez alkate lanetan dagoela.

Ez ohikoa zenez, proposamenak bozkatu eta erabaki bihurtzeko eguna zela adierazi du Maider Lainez alkateak. Oposizioko alderdiek, halere, hainbat zehaztapen eta kritika egiteko hitza hartu dute.

Tokiko Gobernu batzordearen osaketa:

  • Sei kide izango dira, hiru alderdi bakoitzetik: Maider Lainez, Jose Luis Verdasco eta Oscar Mendo sozialistak, alde batetik. Eta, bestetik, Marijose Izagirre, Mikel Arregi eta Iñaki Egibar jeltzaleak.

Gobernuaren osaketari dagokionez, Esti Mujika EH Bilduko zinegotziak kezka azaltzeko hitza hartu du. Berdintasuna Andoaingo udaletxean aplikatzekoa den gai transbertsala izanik, Berdintasun saileko zinegotzia (Petri Romero) gobernu taldean ez egotea ulergaitza zaiola adierazi du. Eta, bide batez, gobernu taldearen parekidetasun faltari ere aipamena egin dio.

Dedikazioak:

Andoaingo alkate Maider Lainezekin lanaldi osoarekin batera, Udalhitzeko 20. maila irizpidetzat hartuta, hauexek izango dira dedikazioak:

  • Lanaldiaren %100ean Jose Luis Verdasco sozialista.
  • Lanaldiaren %86an Marijose Izagirre jeltzalea.
  • Lanaldiaren %50ean Andoni Alvarez EH Bildukoa.
  • Lanaldiaren %50ean Jon Zulueta EH Bildukoa.
  • Lanaldiaren %43a Txitxu Ruiz jeltzalea.
  • Lanaldiaren %29a Oscar Mendo sozialista.
  • Lanaldiaren %23,52a Garazi Usandizaga EH Bildukoa.

Proposamena ahobatez onartu da. Tere Santanak dagokion lanaldiaren %17,6ari uko egin dio, lanarekin osagarri bilakatzea ezinezkoa zaiolako. Kexu agertu da eta ordezkaritza txikiekiko begirune gehiago eskatu du. Azaldu duenez, ordezkari bakarrarekin, ezinezkoa zaio egunerokoaren jarraipena egitea. Eta bereziki eskaini zaion dedikaziorako proposamenarekin. Denei aplikatzen zaion irizpide berbera jarraitu duela erantzun dio alkateak.

Mankomunitateetako ordezkaritza:

  • Eskualdeko hiltegiko Mankomunitateko ordezkariak: Maider Lainez (PSE-EE) eta Mari Jose Izagirre (EAJ-PNV).
  • Tolosaldeako Mankomunitateko ordezkariak: Maider Lainez (PSE-EE) eta Mari Jose Izagirre (EAJ-PNV).
  • Gipuzkoako Ur Partzuergoan ordezkariak: Maider Lainez (PSE-EE) eta Mari Jose Izagirre (EAJ-PNV).
  • Beterri-Buruntza garapen agentziko ordezkariak. Lankidetza hitzarmenerako: Maider Lainez (PSE-EE) eta Jon Zulueta (EH Bildu). Mankomunitatea eratzeko batzorderako: Maider Lainez (PSE-EE) eta Mari Jose Izagirre (EAJ-PNV).

Udal lansailen ardurak

Ekainaren 20an iragarri bezala, sozialistek eta jeltzaleek horrela banatuko dituzte lansailak eta ardurak:

  1. Hirigintza, obrak, ingurumena, landagunea: Jose Luis Verdasco (PSE-EE).
  2. Ekonomia eta ogasuna: Maider Lainez (PSE-EE).
  3. Langileria, antolakuntza, barne araugintza:  Jose Luis Verdasco (PSE-EE).
  4. Gizarte zerbitzuak: Maider Lainez (PSE-EE).
  5. Berdintasuna: Petri Romero (PSE-EE).
  6. Kirola: Oscar Mendo (PSE-EE).
  7. Zerbitzuak: Iñaki Egibar (EAJ-PNV).
  8. Hezkuntza eta kultura: Txitxu Ruiz (EAJ-PNV).
  9. Sustapen ekonomikoa, enplegua, gazteria: Marijose Izagirre (EAJ-PNV).
  10. Euskara: Mikel Arregi (EAJ-PNV).

Euskara

Maider Lainezek hitza hartu eta plenoetan erdaraz hitz egingo duela iragarri du. Batzordeetan eta egunerokoan euskara darabilera arrazoitu du, baina plenoak streaming bidez ematen direnez, ahalik eta ulermen maila handiagoa izateko gaztelania erabiliko duela adierazi du. Adierazpen horrekiko EH Bilduko Jon Zuluetak atsekabea agertu du, eta kritika gobernua sostengatzen duten bi alderdiei luzatu die. EAJ-PNVren izenean, Mikel Arregik Lainezek erdaraz hitz egiteko hartu duen erabakia soilik alkatearena dela erantzun dio. EAJ-PNVk euskara erabiliko duela adierazi du.

Sanjuanak

Ez ohiko plenoari amaiera emateko, alkateak San Juan jaien balorazio positiboa egin du. Eta jaietan parte hartu duten eragileak eta herritarrak zoriondu ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!