"Gu espetxera joateak motxiladun ume gehiago egotea suposatuko luke"

Mikel Arberas 2019ko uzt. 5a, 10:00
Epaiketa berean auziperatuko dituzte Ekain Zubizarreta andoaindarra eta Amaia Esnal eta Jexuxmari "Kudu" Aldunderri urnietarrak

Ekain Zubizarreta 11-13 auzian epaituko duten herrira ekimeneko andoaindarra da. Uztailaren 9an batzar ireki bat egingo dute Urigainen, 18:30etan hasita. Asmoa auziperatuei begira babes taldea sortzea da.

Epaiketa izango zela jakiteak nola eragin dizu, maila pertsonalean?

Prozesua luzea da, duela sei urte atxilotu gintuzten eta, beti egon gara epaiketaren zain. Bagenekien eguna iritsiko zela, baina ez genekien noiz. Beti eduki dugu mamu hori gainean. Eguna heldu da eta fase honi bukaera emateko data ezarri dute. Beste alde batetik, amorrua eta kezka da prozesu guzti honek sortzen didana. Gure bizitza pertsonala garatzeko oztopo handia suposatzen du epaiketak.

Egoera horri nola eusten diozue zuk eta zure familiak? 

Kezka handiz bizi dugu egoera, baina beste alde batetik, indartsu gaude; hein handi batean, inguruko jendeak erakusten digun elkartasunagatik, maitasunagatik eta babesagatik, maila pertsonalean eta epaituak izango garen kolektibo gisa. Eskertzekoa da babes hori horrelako egoera bati aurre egiteko garaian. 

Epaiketara joango gara, egindako lanaz harro. Ez gara ezkutatuko. Egindako lana egin dugu, lan publikoa izan da, presoen eskubideen aldeko lana, eta gu ez gara ezkutatuko. Frogatzen saiatuko gara, lan horrek ez duela zerikusirik izan egiten dizkiguten akusazioekin. 

Makroepaiketa abian da, hautsak harrotu nahi dituzte?

2013ko hartan garbi ikusi genuen mendekua izan zela. Gainera, presoen gaineko mugimenduak indar handia hartu zuen. Beraz, Estatuaren erantzuna errepresioa eta atxiloketak izan ziren. Orain datorren epaiketa, inertzia horren jarraipena da. 

Hemen ziklo berri bat eraiki nahi zen eta presoen gaia erakustarazi eskubideen ikuspegitik. Oraindik ere, estatuaren aldetik, iraganean eduki zuten jarrera ikusten dugu.

Ekitaldi edo mobilizazioren bat egiteko asmorik ba al duzue?

Printzipioz, epaituok lan talde ezberdinetan antolatu gara epaiketari aurre egiteko. Horrekin batera, mobilizazio orokor bat eratu dugu irailaren 14an Bilbon, manifestazio nazional batekin. Bestalde, epaitu bakoitzaren herrian plataforma bana sortzen ari dira. Andoainen uztailaren 9an 18:30etan batzar ireki bat egingo da Urigainen, auzipetuei begira babes talde bat sortzeko.

Euskal Herria osoan barrena elkartasun handia nabaritzen da.

Bai. Sinadura bilketa bat martxan jarri da, eta 5.000 sinaduratik gora lortu ditugu. Oro har, babes talde asko ari dira sortzen pertsonen eta eragileen aldetik. Gainera, jendea prest dago gu defendatzeko, baita inplikatutako eragileak babesteko ere.

Sekulako heldulekua da jendearen babesa. Hurbiltzea eta elkartasuna erakustea oso garrantzitsua da guretzat. Norbanakoak ahal duen neurrian bustitzea eskatzen dugu, eta bakoitzak bere hondar alea jartzea. 

Familiak eta gertuko lagunek nolako jarrera dute?

Kezkatuta daude. Akusazioak urte askotakoak dira, nire kasuan 13 urte eta erdiko espetxe zigorra da, lagun batzuek berriz, 20 urtetik gorako espetxe zigor eskaerak dituzte. Kezkatuta gaude. 

Kontuan hartu beharrekoa da gaudenen artean hainbat gurasoak garela, gure ardurapean 40 umetik gora daude. Beraz, gu espetxera joateak motxiladun ume gehiago egotea suposatuko luke. Bestela esanda, gu bisitan joateko milaka kilometro egin behar izatea.

Kezka bizia

Epaiketaren hasiera irailaren 16rako ezarrita dago eta, gutxienez, azaroaren 28ra arte luzatuko da: "Joan etorri asko egingo ditugu Madrilera. Gainera, familia hemen utzi beharko dugu, baita gure lana ere. Horrez gain, epaiketak 350.000 eurotik gorako gastua suposatuko du bidaiak, hotela, abokatuak eta beste zenbait gastu direla medio". Epaiketari aurre egiteko eta laguntza emateko kontu korrontea ireki dugu:

Laboral Kutxa: ES82 3035 0057 9205 7005 9033. Info: 11-13makroepaiketa.eus.

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!