Sorabillako jaiei eusteko egitasmo berritzailea

Xabier Lasa 2019ko uzt. 13a, 10:00
Jaiari jarraipena emango dion talde eragilea astelehen arratsaldean bildu zen Sorabillan.

Sorabillako jaiak aurten ere ospatuko dira, bertan behera geratzeko zorian egon diren arren. Azken urtetan jaien alde lan egin duen Jai Batzordeak eta Gazteleku Pilota Eskolak elkar lanean jardungo dute

 

Iazko jaiak amaitu ostean, Jai Batzordeko kide guztiek antolakuntza uzteko asmoa iragarri zuten. Urte asko zeramatela lanean, nekea sumatzen zutela eta jende berriari txanda pasatzeko ordua iritsi zela adierazi zuten orduan.

Jaien lekukoa hartzeko epealdia ireki zuten, era horretan. Baina hilabeteak aurrera egin ahala inor animatzen ez zenez, Jai Batzordeak erabaki zuen igandeko egitarauari eustea (irailaren 8). Beste modu batera esanda, jaiak antolatzeko hari ahul hori ez etetea, behin erabat utziz gero zaila izaten baita berriro ekitea.

Koruko Ama Birjinaren eguna da irailaren 8a, eta egun horretarako lau ekitaldi antolatzea erabaki zuen jai batzordeak: Meza Alberto Agirre abesbatzarekin batera, Iturzaeta pala txapelketako errebantxa, hamaiketakoa auzotarrentzat eta, auzoen arteko herri kirolen finala.

Geroztik, baina, Gazteleku pilota eskolak pausoa eraman du, antolaketa lanetan laguntzeko prest legokeela adieraziz. Dena esatera, Andoaingo kirol elkarteak urteak daramatza Sorabillan Iturzaeta memorialeko pilota txapelketa antolatzen, eta bestalde, elkarteko zenbait kidek ere jaietan kolaboratzaile gisa jardun ohi dute.

Horrenbestez, aurtengoan Jai Batzordeak eta Gazteleku elkarlanean jardungo dute. Hauxe, aurtengo jai egitarauari dagokionez, irailera begira aurreratu daitekeena:

Irailak 7, larunbata

Gauean zikiro jatea egongo dela ziurtatu dute.

Irailak 8, igandea

Goizean meza Alberto Agirre abesbatzaren parte hartzearekin, Iturzaeta pala txapelketako finalen errebantxa eta hamaiketakoa auzotarrentzat. Arratsaldean, auzoen arteko herri kirolen finala eta sagardo dastaketa Kantujira taldeak alaituta.

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!