Neskatoak "berbideratzeko" gune ezezaguna Sorabillan

Xabier Lasa 2019ko uzt. 13a, 08:00
Xabier Arruti, Petra Etxeberria eta Martina Mendibe informatzailerekin. Iturria: Xabier Arruti / Ander OtaƱo

Hirurogei urte atzera eginez, 'bide okerretik' abiatutako neskatoak kristautasunaren bitartez 'bideratzeko' gune bat zabaldu zuten Sorabillan. Orain arte jasotako lekuko gutxiren bidez, historia iluna bezain ezezaguna da. Lekuko gehiagoren bila ari dira

 

Ander Otaño eta Xabier Arruti 'Txanka' Burdina taldeko kideak ari dira ikertzen. Arrutik adierazi duenez Iñaki Agirre herriko historialariak 2012an Hementxe aldizkarian argitaratu zuen artikuluari esker (96. zenbakiduna) jaso zuten egoitzari buruzko lehen erreferentzia. “Geroztik, handik pasa ziren neskatoen eta auzoko bizilagunen lekukotzak eta dokumentazio osagarria jasotzen aritu gara”.  Informazioa biltzen joan ahala, bi ikerlariak frankismoaren garaiko atal ilun horietako baten aurrean gaudela ohartu dira. “Dakiguna da erreformategi edo prebentorio baten funtzioa bete nahi izan zuela, Falange Españolako emakumeen sekzioarekin lotura zuen seglarren elkarte batek kudeatuta. Euren asmoa bide okerretik zebiltzan neskatoak berbideratzea omen zen". Asmoak asmo, bildutako datuen bidez gazte errugabeak erregimen zapaltzailera kondenatu zituztela ondorioztatzeko datuak biltzen ari dira. "Neskato horiek, gorrien edo emagalduen alabak izan zitezkeen, edota familian hezi nahi ez zituzten gazteak… Ez ziren, inondik inora, abandonatutako edota umezurtz geratutako neskak".

Hiru urtez zabalik izan zen

Sorabillako baserria 1949an erosi ostean, erreformatorio moduko egoitza ireki, eta 6-12 urte bitarteko 25 bat neskato eduki zituzten hurrengo hiru urtetan. “Sei seglar arduratu ziren egoitzaz; zeharo gaixtoa behar zuen izan arduradun nagusia, eta Echatortas goitizena jarri zioten. Kuriosoa da, baina barruko bizimodua mojez jantzita egiten zuten, eta kaleko jantziak janzten zituzten handik ateratzen zirenean. Falangek elkarteari bi mila pezeta ematen zizkion, neskato bakoitzeko. Diru hori arduradunek gorde egiten zuten”.

Gosea, miseria eta errepresioa nagusi ziren gerra ostean jaiotakoak dira denak. “Donostiakoak, Tolosakoak, Irungoak, Bidaniakoak, Hondarribikoak… Bertan bizi izandako Alicia, Petra, Teresa, Miren eta Piedadekin hitz egin ahal izan dugu. Berdintsua da denen kontakizuna: zigorra, torturak, umiliazioa, abandonoa, gosea, eskasia…”.

Jasotzen zuten hezkuntza ere penagarria zen, nonbait. “Testigantzek aitortu digutenez, soilik familia diruduneko alabei eskaintzen zieten hezkuntza, eta ez gehiegi. Gainerakoak egun osoa otoitz egin eta egin edukitzen zituzten, beste zereginik gabe; ilaran jartzen zituzten horretarako. Lehortea egokitzen bazen, euri-eske edukitzen zituzten, joan etorrian”.

Arduradunek baratza lantzen zuten, eta bi behi eta zerri bat gobernatzen zituzten. “Testigantza batek adierazi digunez, zaindariek gehiago maite zituzten animaliak, neskatoak baino. Ondorioz, bera ere behiekin hobekiago moldatzen zen; haiekin hizketan egin omen zezakeen, zaindariekin ez”.  

Ezkutukeria 

Nahiko ezkutuko bizimodua egiten zuen komunitateak, eta Sorabillan eta Andoainen gertutik ezagutu zutenen oroitzapena oso eskasa da. “Sorabillan umetan bizitu zen batek komentatu digu auzoko etxeetan haurrei agindu beretsua luzatzen zietela; alegia, ez hurbiltzeko baserri hartara, paretik pasa gabe zeharkatzeko, neskatoekin traturik ez edukitzeko. Komunitatean bizi zen jende hura ez zela fidatzekoa…”. 

Andoainen ez zuten agerpenik egiten, eta ondorioz herritarrekin ez zuten traturik izaten. “Kalera jaisten ziren bakanetan, zaintzaileren bat eta bi haur ibiltzen ziren kalean barrena, eskean edota zozketako txartelak saltzen. Salbuespen gisa, behin, egoitzako haurrek Gabon kanten lehiaketa batean parte hartu zuten.

Artxibo ezberdinetan ikerketa lana burutzen ari dira Ander Otaño eta Xabier Arruti. “Andoaingo udal artxiboan, adibidez, 1950eko biztanleen erroldan, zenbait emakumeren izen abizenak ageri dira baserri horretako bizilagun gisa; jatorriz Leon, Burgos, Madril eta Gaztela aldekoak direla ageri da. Baina informazio hori gure testigantzekin kontrastatu ostean, asmazio hutsa dela esan dezakegu”.

Neska baten aitortza gordinak egoitzaren itxiera eragin zuen

Erreformatorioak hiru urte besterik ez zuen iraun. Maximo Yurramendi Urnietako gotzainak ixtea erabaki zuen arte, salaketak zirela medio. Igandero Sorabillako San Martin elizara jaisten ziren mezara. Eta behin, meza aurreko aitortzaren orduan, Sorabillako erretoreak neskato bati ea bekaturik egin ote zuen galdetu zion. Neskatoak zera erantzun: baietz, ondoko baserriko baratzatik lapurtzen aritu zela, goseak estututa. “Gehiago ere kontatu zion: zaindariek tratu txarrak eragiten omen zizkieten neskatoei, eta baita zigorrak ezarri ere. Goseak pasa beharrean, eta zikin-zikin edukitzen zituztela aitortu ere. Mezan zehar, erretoreak arduradun nagusiari –Echatortas goitizena zuena– ez zion jaunartzea eman nahi izan. Meza bukatuta, neskato guztiak baserrira itzuli zirenean, arduradun nagusi horrek denak hormaren kontra jarrarazi zituen; galtzerdiak jaitsi, gonak igo, eta hurritzaren makilarekin jipoitu egin zituen denak. Horrela jardun zuen neskatoen arduradunak, harik eta neskatoak erretoreari esandakoa aitortu zuen arte. Ordurako, baina, erretorea Yurramendi gotzainarekin egona zen. Berehala, Gotzainak neskatoen zentroa ixtea erabaki zuen”.

Horrenbestez, 1952an, seglarren elkarteak neskato guztiak Donostiako Gros auzoan zuen egoitzara eraman zituen. “Goizetan Intxaurrondoko laborategi batera eramaten zituzten, lanera. Ontzietan pilulak sartu eta likidoa botilaratzea zen haien eginkizuna. Lan horrexegatik ere, elkarteak dirua kobratzen zuen. Neskatoen esplotazioaren kontura dirua jasotzen aritu ziren".

 

 

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!