EuskarAbenturakoek Andoain igaro dute eta Martin Ugalde Kultur Parkean izan dira

Mikel Arberas 2019ko uzt. 18a, 12:26

150 pertsona inguruko bildu dira Martin Ugalde Kultur Parkean deskantsatzeko eta euskararen zenbait eragile ezagutzeko. Arratsaldean, berriz, Hernanirako bidea hartuko dute.

EuskarAbenturakoak goiztiarrak dira. Goizeko zortziretan irten dira Tolosako Laskorain Ikastolatik  Andoainerako bidea hartzeko. Martin Ugalde Kultur Parkera iristeko Anoeta, Irura, Villabona, Aduna eta Andoain herriak zeharkatu dituzte. 

Martin Ugalden deskantsatzeko aukera izan dute; batzuk hitz egiten egon dira, beste batzuek hamaiketakoa jateko aukera eduki dute eta nekatuenek kuluxkatxo bat egiteko denbora izan dute. Zertxobait deskantsatu ostean, talde argazki erraldoia atera dute. Segituan, xerpa eta gazte guztiak euskararen eragileak ezagutzera joan dira, esaterako, Berria egunkaria eta Soziolinguistika Klusterra.

Bazkaldu ostean, Hernanira joango dira Hiruka Larrosak taldearekin sexu aniztasuna lantzeko hitzaldi eta dinamika bat egitera. Xerpek eta Jzioquitarrek (espedizio kideak) ez dute aspertzeko denborarik izanen abentura guztian zehar.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!