EH Bilduk skatepark berria osatzeko neurri berriak proposatu ditu

Jon Ander Ubeda 2019ko ira. 14a, 07:39

Pozarren daude kirol egitasmoak izan duen harrerarekin, eta azpiegitura zerbitzu berriekin osatzeko eskaera luzatu dute.

Andoaingo Udalean egitasmo sorta proposatu dute, Allurralde kiroldegiaren kanpoaldean dagoen kirol eremu berria osatzeko: “Skatepark honen potentzialtasuna handia da. Herriko gazteei begira kirol alternatiba berri bat eskaintzen dugu, gazte eta nerabeen aisialdian aukera berriak irekiz eta hori gutxi balitz, txapelketak edo bestelako ekitaldiak egiteko aukerak irekiz”.

Azpiegiturari lotutako zerbitzuak hobetzea proposatzen dute. Zehazki bost neurri hartzea:

  1. Argiteria: “Instalakuntza egina dago, farolak jartzea falta da soilik”.
  2. Iturria.
  3. WC publikoa: “Jende asko egoten da, eta egonaldiak luzeak dira. Komona bertatik paseatzen duen jendearentzat ere beharrezkoa da”.
  4. Mahaiak eta bankuak: “Lekua badago horretarako”.
  5. Arautegiaren panela jartzea.

Egitasmoa bideratzeko borondatea beharrezkoa dela gogorarazi dute: “Proposamen hauek aurrera eramateko arazo ekonomikorik ez dago. Proposamen egingarriak dira. Dirua egon badago eta borondaterik ba ote dagoen jakin nahi dugu”.

Ohar berean kritika zuzendu diete gobernua osatzen duten bi alderdiei, hots, PSE-EEri eta EAJ-PNVri: “Uda hasieran ireki zen skatepark berria. Ez, ordea, guri gustatu litzaigukeen bezala. Nolanahi ere, erabiltzaileak oso pozik daude Andoainek puntako skateparka duelako, eta hori ona da. Argi geratu da beharrezkoa zen azpiegitura bat dela. PSE-EE eta -EAJ-PNV aurka zeuden, lehentasunekoa ez zela argudiatuz. Baina erabilpena ikusita oker zeudela argi geratu da. Beharrezkoa zen azpiegitura bat da, eta erabakian asmatu genuela demostratu da”.

Bigarren pista estalia

EH Bildu Allurralde kiroldegian bigarren pista estalia egiteko proposamena erregistratu zuela adierazi du, ohar berean: “Erantzunik ez dugu jaso eta espero dugu datozen egunetan egongo den kiroletako batzordean gaia lantzea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!