Erronka berria hastear da

Mikel Arberas 2019ko ira. 15a, 08:09

Justo Lillo eta Yerai Martin izango dira Ohorezko Regional mailako Euskalduna SD taldeko entrenatzaileak. Taldea osatuta kategoria mantentzen eta helburu berriak lortzen saiatuko dira

Lehen urtea da elkarrekin entrenatzen ariko zaretela. Zer moduzko hasiera izaten ari da?

Justo Lillo: Ez nuen Yerai ezagutzen, baina oso gustura nago berarekin. Momentuz bion artean ari gara lanean, eta oso gustora benetan.

Yerai Martin: Nik ere ez nuen ezagutzen, baina oso gustura. Gainera, esperientzidun entrenatzailea da. Ahal den neurrian lagundu nahi dut, eta duen esperientziatik ere ikasi.

Zer aportatu diezaiokezue jokalariei?

J.L: Esperientzia batez ere, eta lana.Uztailaren 24an hasi ginen entrenatzen eta ia egunero genituen entrenamenduak. Zerbait  lortu nahi bada lan egitea beharrezkoa da, eta nire kasuan esperientziaz lagundu dezaket.

Y.M: Nire aldetik lana egiteko gogoa eta, batez ere, ilusioa. Maila berria da, eta erronka horri gogotsu ekingo diogu.

Aurre denboraldian nola ikusi duzue taldea?

J.L: Nabari da taldea mailaz igo dela eta jokalariak pozik daude, gogoekin. Gainera, jendea kanpotik ekarri dugu taldea osatu behar genuelako. Gazteak direnez, nabari da gogotsu daudela eta Euskaldunako parte izan nahi dutela.

Y.M: Talde gaztea da eta kanpoko asko etorri dira, baina bertakoen eta kanpokoen artean konexio ona sortu da. Lan giro polita dago eta intentsitate handiarekin entrenatzen ari dira.

Talde indartsua eta osatua lortu duzuela uste duzue?

J.L: Indartsua bai, baina maila honetan lehiatzeko besterik ez. Nik beste mailak ezagutzen ditut eta badakit aurtengoa gogorra izango dela, baina lehiatzeko eta guztia emateko prest gaude.

Zer nabarmenduko zenukete taldeari buruz?

J.L: Maila honetan lehiakortasuna nabaria da, baina guztiek nahi dute jokatu. Duela gutxi jakin dut beste jokalari bat minarekin dagoela, eta ea asteartetik aurrera ondo dagoen ligako lehen partidatik lehiatzen hasteko.

Y.M: Jende gaztea da, futbolean jokatzeko eta lehiatzeko gogo bizia dute. Entrenamenduetan eta lagunarteko partidatan ikus daiteke lehiatzeko prest daudela; eta jokalari asko dauden arren, titularrak izateko gai direla  erakutsi nahi dute zelaian.

Gipuzkoako Ohorezko Erregional maila gogorra al da?

J.L: Erregional mailan eta Preferenten, normalean kuadrila modukoak dira. Ohorezko Regionalean berriz, Hirugarren mailan ibilitako jokalariak ikus daitezke. Horiek badakite lehiatzen, teknikoki beste maila bat dute eta askotan fisikoki gehiago dira.

Y.M: Ezin dut iritzi osorik eman, ez baitut maila entrenatzaile bezala ezagutzen; soilik beste urteetako sailkapena, emaitzak eta partidak jarraitzearen esperientzia dut. Hala ere, nabaritu dut jokalarien maila altua talde gehienen isla izango dela.

Zein da zuen helburua ligarako?

J.L: Ez dut konformistaren irudia zabaldu nahi, baina kategoria mantentzen badugu lorpen bikaina izango da. Lehen jardunaldietako emaitzak ikusi beharko dira, nola moldatzen garen ikusteko.

Y.M: Ez dugu helburu finko bat jarri. Denboraldi erdian ikusiko dugu zein postuan gauden eta, orduan, ikusiko dugu taldearen helburua zein den.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!