Irailean dantza estilo ezberdinak erakusteko doako saioak eskaini dituzue maila ezberdinetan Bakartxo eta Joseba dantza eskolan. Nolako harrera eduki dute?
Helburua eskolan irakasten ditugun dantza modalitate ezberdinak erakustea izan da, jendea hurbil dadin lekua eta irakasleak ezagutzera dantza ikastaro bat probatuz.
Tangoa, saltsa, batxata, kizomba, funkya, hip-hopa... Dantza mota ezberdinak erakusten dituzue eskolan...
Funkya eta hip-hopa gazteentzako ekintzak dira. Irakasten ditugun gainerako dantzak bikotean dantzatzekoak dira. Tango argentinarrean, esaterako, adinen bataz bestekoa altuagoa da; eta irakasle nahiz dantzari gisa pena ematen dit horrek, gazteek oso sentipen politak galtzen baitituzte.
Egia da tangoan erabiltzen den musika ez dela batxata, saltsa edota erritmo latinoak bezain komertziala. Saltsa, batxata edota kizomba saioetara etortzen diren ikasleek 30 urtetik gora dituzte.
Beraz, ikasle gazteagoak tangora erakartzea al da eskolaren erronketako bat?
Egia esan bai. Udan Atenasera joan naiz lagun batekin, eta milongatan izan gara. Milonga tangoa dantzatzen den lekuari deritzo. Esan beharra dago adinen bataz bestekoak nabarmen egiten duela behera bertan, baita Frantzian ere, Euskal Herriarekin eta Espainiarekin alderatuta.