EH Bilduk agintaldirako zein programa duen galdetu dio Udal gobernu talde berriari

Jon Ander Ubeda 2019ko ira. 28a, 09:07
Andoni Alvarez eta Jon Zulueta

Andoaingo Udal hauteskundeetan garaile argia izan baina oposizioan dagoen EH Bilduk agintaldiaren hasierako balorazioa egin du. PSE-EEk eta EAJ-PNVk zuzentzen duten udal jarduerarekiko ezjakintasuna eta zalantzak daudela nabarmendu dute.

EH Bilduren oharra:

“Eroso ikusten dugu Alkatea eta bere gobernua Skateparkaren harira eztabaidan. Eta jada esan dugunetik harago ezin dugu ezer berririk esan; EH Bildu gobernuan balitz, ez genuke zabalduko iturri, banku-mahai, argiteri eta panelik gabe. Baina galdera da, zein da euren jarrera erasokorraren arrazoia? Hauxe gure iritzia.

Edozein gobernuri ehun egun ematen omen zaizkio bere jarduna baloratu aurretik, eta Andoaingo Udal Gobernu berriak aste honetan bete ditu bereak. Azken balorazioa 4 urteren buruan egingo dute herritarrek, joan den maiatzaren 26an gertatu bezala. Baina orain arte ikusitakoarekin dugun kezka azaldu nahi dugu.

Gobernu berri baten lehen zeregina bere Gobernu Programa egitea eta aurkeztea da. Duela lau urte adibidez, EH Bilduren Udal Gobernuak Andoainek behar zituen 50 neurri aurkeztu zituen, eta horiek auzoz auzo azalteko bira egin zuen. 4 urte beranduago zer egin zen eta zer ez begi bistakoa da. Bada, PSE eta PNVren Udal Gobernuak ez du programarik aurkeztu gaur gaurkoz. Eta galdera derrigorrezkoa da: Noiz aurkeztuko dute Gobernu plana? Nola mailakatu dute andoaindarrok ditugun beharrak? Nola da posible andoain.eus webgunean oraindik “2015-2019 legegintzaldiko plana” izatea erreferentzia? Zertan aritu dira lehen hiru hilabete hauetan ez bada gobernu plana egiten?

Soilik joan den agintalditik datozen proiektuen inertziak salbatu du Udal Gobernu honen jarduna: Kale Giroan, Ibili Andoain, Mugitu Andoain, prest zegoen Basteroko programazioa, Jabekuntza Eskola eta Taupada programa, Merkataritza arloan adostuta zeuden programak… eta abar.

Lidergoa, anbizioa eta esperientzia agindu zituzten. Bada, orain arte ikusitakoa, guztiz kontrakoa izan da: Zalantza ugari batzordeen gidaritzan, kontraesanak gobernu kideen artean, eta Andoaingo herriarentzat potentzialitatea duten ekimenen kudeaketa kaxkarra, Skateparkaren inaugurazio eza edo Plazaolako Maratoiaren 10km-ko froga lanketa ezagatik aurrera atera ez izana, adibidez.

EH Bildu izan zen garaile nagusia Udal hauteskundeetan. Andoni Alvarez izan zen hautagai bozkatuena historiako emaitzarik onena lortuta. Ardura handia dugu emaitza horiek jasota eta Udal Gobernu honen jarduna fiskalizatzeaz gain, Andoaingo lehentasunen inguruko proposamenak egitea izango da gure zeregina. Orain arte bezala herritarrekin eta herri elkarteekin batera arituko gara zeregin horretan. Ondo dakigu zeintzuk diren Andoainek dituen beharrak eta lehentasunak, eta horietan jardungo gara: kohesio soziala, berdintasuna, Liburutegi berria, Allurralde Kiroldegiaren bigarren pista, ur estolderia eta saneamenduko lanak, Emakumeen Etxea eta mugikortasun eta irisgarritasun plana eta gazteria, besteak beste.

Hobe luke Alkateak eta bere gobernuak gobernu programa bat egin eta horretan aritzea, oposizioaren oposizioa izango balira bezala aritu beharrean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!