Urriaren 8an oposizioan dauden bi alderdiek eskaera aurkeztu zuten Udaletxean, agerraldi publikoa amaitu eta berehala. PSE-EEk eta EAJ-PNVk egun gutxira erantzuna eman zieten, eta orain EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos alderdiek aferari jarraipena eman diote.
Hauxe da oharrean bildutakoa:
- “Ez da inongo momentuan esan beraien ondasunen aitorpenak aurkeztu ez dituztenik, publiko egin behar direla izan da esan dena; eta berriro diogu, udaleko webgunean egin behar dira publiko. Udalbatzak aho batez onartu zuelako, eta legeak ere hala dioelako.
- Egia da, bestalde, hauek publiko ez egiteko agindua eman dela; bestela, behin idazkaritzan aurkeztu eta gero, automatikoki publiko egingo lirateke. Soilik boterea duenak gelditu dezake prozesu hori.
- Barne araudi berri bat negoziatzen hilabeteak eman genituela egia da, baina akordio faltagatik (desadostasun puntu asko zeuden) eta denbora faltagatik ez genuen aurrera egin. Beraz, erabaki berririk egon ezean, 2015eko Udalbatzak onartutakoak jarraitzen du indarrean.
- Ekainean alderdi guztiek aitorpen hauek publiko ez egitea erabaki genuenik ez da egia. Erabaki horri ez diogu oniritzirik eman ez Eh Bilduk, ez Elkarrekin Ahal Duguk.
- Orain jakin dugu urriak 31ko udalbatzara proposamen berria eramango dutela. Urriaren 14 izanik, ez dugu proposamen hori ezagutzen. Eta zein egun gutxi geratzen diren ikusirik, adostasun handirik ez dutela bilatzen baieztatu dezakegu. Beraien asmoa gehiengo osoaren gurpila aplikatzea bada, zilegi da, baina ez da oso demokratikoa. Are gutxiago aurreko akordioa ahobatez onartu zela kontutan hartzen badugu.
- Berriz ere, gutxienez gure ondasunen aitorpenak publiko egin ditzan eskatzen diogu gobernu taldeari. Herritarren eskubidea da, eta gure betebeharra”.