Defentsa pertsonaleko ikastaroak

Jon Ander Ubeda 2019ko urr. 19a, 08:43

Zumbalokura elkarteak hainbat ikastaro antolatu ditu emakumeen defentsa pertsonalari begira, haur zein helduentzako eta bi orduetan zein bi egunetan burutzekoak.

Shaka Defense metodologian oinarrituko dira ikastaroa desberdinak. Samira Talha hip-hop-eko dantzari eta kirolariak sortu zuen metodologia hori. “Defentsa pertsonala modu xume, eraginkor eta dibertigarrian ikasteko tekniken bilduma” dela adierazi dute Zumbalokurako arduradunek. “Emakumeari segurtasuna eta autoestimua, eta beraz, poztasuna eragiten dio”, gaineratu dute.

Shaka Defensek arte martzialeko teknika desberdinak jorratzen ditu, eta musika du lagungarri, “buruaren kontrola eta kontzentrazioa lortzeko”.

Azken batean, koreografia desberdineko musika estiloek mugimenduak automatikoki egiten ikasten laguntzen dute, memoria erabiliz. “Behin mugimenduak barneratuta eta automatizatuta, gorputza prest egongo da bat-batean erantzuteko edozein egoeratan”.

Hiru kulturatik edaten

Arte martzialak umiltasunean, enpatian eta errespetuan oinarritzen direla kontuan hartuz, Shaka Defense hiru kulturetan oinarritzen dela baieztatu dute Zumbalokura elkarteko arduradunek.

“Afrikako kulturatik, enpatia hartzen du, hots, norberaren defentsarako soilik behar den biolentzia erabiltzearen printzipioa. Dance Hall kulturatik jarrera eskuratzen du; izuak paralizatu egiten du emakumea maiz, eta horri aurre egiteko, Dance Hall erritmoak barruak husten laguntzen du. Eta azkenik, Hip Hop kulturatik umiltasuna da begiz jotzen duena; emakumeak ez baitu zertan erakutsi behar defenda daitekeela.

Ez da lehenengo aldia Zumbalokura elkarteak defentsa pertsonaleko ikastaroak antolatzen dituela Shaka Defense metodologia oinarri hartuta. Orain hilabete batzuk egin zen horietako bat, eta txanda hartan Martina Chanca eta Irene Araujo ama-alabek parte hartu zuten. Beren iritzia zaldu digute:

Martina Chanca:

“Oso bizipen jakingarria izan zen Shaka Defense ikastaroa niretzat. Guztiz gomendagarria da, nahiz eta beharbada baten bati iruditu luzeegia eta intentsoegia dela eta ez duela merezi zure bizitzako aste buru oso bat horri eskaintzea. Kalean emakumeei sortu zaigun segurtasun faltagatik animatu nintzen, batik bat. Zoritxarrez, errespetu falta izugarria sumatzen den gizartean bizi gara, eta emakumeak ez gara erasoa jasateko arriskutik libratzen. Ikastaroa alabarekin egitea are gozagarriagoa suertatu zen niretzat; izan ere, hark defentsa teknikak nola ikasten zituen ikusteak, niri ere segurtasuna erantsi zidan. Oso emakume ausartak ezagutu nituen ikastaroan, zer kontatua badaukatenak, eta elkarrengandik asko ikasi genuen”.

Irene Araujo:

“Mundu guztiak dakien bezala, kaleak gero eta arriskutsuagoak bilakatzen ari dira, emakumeentzat batik bat, eta horrexegatik, ama eta biok ikastaroan izena ematera animatu egin ginen. Asko ikasi genuen ikastaroan zehar, zutik zein lurrean erabiltzeko moduko teknika erabilgarriak, errazak geureganatzen. Ikastaroaren amaieran, parte-hartzaile guztiek, batik-bat, geure buruarengan segurtasuna sentitu genuen. Defendatzen modu praktikoan ikasteaz gain, pertsona zoragarriak ezagutzeko aukera eman ohi dizute antzeko ikastaroek”.

Ikastaroak, urrian zehar:

  • Urriaren 24an: 16:30-18:30. Haurrentzat.
  • Urriaren 25ean: 16:30-18:30. Haurrentzat.
  • Urriaren 25ean: 20:00-22:00. Helduentzat.
  • Urriaren 26/27an: 09:00-18:00. Helduentzat.

Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko: elkartearen egoitzan bertan (Kale Nagusia 9a), edo eta, 672670377 telefonora hots eginda.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!