Heriotzaren Triangelua, eskualdeko lehen biktimaren historia

Xabier Lasa 2019ko urr. 22a, 09:30
1981eko martxoa, Jabier Ansaren hilketa salatzeko manifestazioa. Andoaingo Udal Artxiboa. ©Truchuelo

David Salvador Hernaniko taxi gidaria Andoainen hil zuten 1977an; Triple A erakunde armatuak erreibindikatu zuen hilketa. Hernanin biktimen alde joan den urriaren 5ean egin zen ekitaldian, bere seme Mikelek justizia eskatu zuen.

42 urteren ondoren kasuari buruzko zirkunstantziak argitu gabe jarraitzen dutela eta eskatu zuen justizia Mikel Salbadorrek. 

1977ko urriaren 6ko gauean, 45 urteko David Salbador Hernanin bahitu egin zuten. Hurrengo egunean, goizaldeko zazpietan, Plazaolako trenbideko geltoki zaharraren parean Andoni Izagirre apaizak hilda topatu zuen. Bere autoaren barruan zegoen, eta bi tiro garunean zeuzkan; hiru bat ordu zeramatzan hilik, autopsiaren arabera. Triple A (Alianza Apostólica Anticomunista) eskuin muturreko taldeak hartu zuen bere gain hilketa, ETAren konfidentea zela leporatuta.

Franco hil osteko trantsizioan Andoainen eratu zen Udalak ez zuen adierazpenik plazaratu gertakizunaren inguruan. Ez zuen jokatu, esate batera, ekainean bezalatsu, orduko hartan ETA(pm)k Javier Ibarra enpresaria Getxon bahitu eta erail zuenean gaitzespeneko adierazpena onartu baitzuen udalbatzan.

David Salbador Bernardo Bilbon jaio zen, baina Hernanira bizitzera joan zen 60ko hamarkadan. Juani Sarasola Garmendiarekin ezkonduta zegoen, eta bi semeren aita zen, Mikel eta David.

Mikel Salbador Sarasola 10 urteko mutil koskorra zen aita galdu zuenean. Urtetan isilik egon ostean, azken urtetan hasi da adierazpenak egiten familiak pairatutakoaren inguruan. 2015ean, Imanol Laburu eta Jose Mari Salinas zinegileen Heriotzaren triangelua dokumentalean hartu zuen hitza lehenbiziko aldiz; heriotza baten aurrean haur baten ikuspegia azaldu zuen film hartan. Eta geroztik, Joseba Zabaltzak 2017an osatu zuen Gogoan hartzeko izenak (Euskal Memoria Fundazioa) argazki-liburuan azaldu zen. Halaber, Andoaingo Udalak eta Oroituz elkarteak frankismoaren aurkako kereila aurkezteko asmoz elkarlanean ireki zuten Biktimen Bulegoan testigantza eman zuen 2018ko apirilean.

Mikelek ondo gordeta dauzka aitarekiko oroitzapena: “ideologia politiko jakinik ez zuen aita zen. Goxoa zen izaeraz, jendartekoa, lagunekin poteoan-eta ibiltzea gogoko zuena. Hernani herria, bere herritarrak, euskal kultura eta tradizioak maite zituen. Kirolari amorratua zen, eta pilotan txapelketak irabazitakoa zen bere anaiarekin batera”.

Amari egin zitzaion gogorren senarraren hilketa, jakina. “Ama oso gaizki, lur jota geratu zen, eta bi anaiok osaba-izebekin bizitu behar izan genuen bolada batean. Baina geroztik berriro hiruok elkartu, eta amak etxean aitaren memoria ondo bizirik mantendu zuen. Beti zentzu onean oroitzen zuen, aitarekin partekatutako bizialdiak, gertaerak, pasadizoak… hartuz ahotan. Senarra hil izanagatik amorrua eraman zuen berarekin beti, baina bi semeoi inoiz ez zigun mendekua edo gorrotoa transmititu. 2015eko irailean hil zen”.

“Heriotzaren triangelu”ko lehen biktima

David Salbadorren heriotzaren ondorengo urtetan, 1981 urte bitarte, beste zazpi hilketa gertatu ziren Buruntzaldean, “Heriotzaren triangeluan”: Jose Ramon Ansa (Andoainen, 1979/05/06), Tomas Alba (Astigarragan, 1979/09/28), Felipe Sagarna (Hernanin, 1980/04/19), Miguel Mari Arbelaiz eta Luis Mari Elizondo (Hernanin, 1980/09/07), Joakin Antimasbere (Urnietan, 1980/11/14) eta Jabier Ansa (Andoainen, 1981/03/03).

Zortzi heriotza ez ezik, konta ezin ahala eraso eragin zituzten garai hartan ultraeskuindarrek: hilketa saiakerak, tiroketak baserri, etxebizitza eta elkarteetara, auto erreketak… Horietatik asko Andoainen. Zehazki esanda, Kaletxiki auzoan zein Andoainetik Urnietara doan G1-131 errepidearen bi aldeetan kokatzen diren Buruntza eta Leizotz baserri bailaratan.

Hain zuzen, Audientzia Nazionalak, 1984an, David Salbador ez beste zazpi pertsonen hilketen errudun deklaratu zituen Inazio Iturbide Piti eta Ladislao Zabala. Andoainen ekintza gehienak gertatu ziren inguru horretan bertan jaio eta hezitakoa zen Iturbide; estazioko zentraleko etxean. 

Sententziak ez aipatu arren, Salbador Sarasola familiak beti uste izan du ultraeskuindarrek Buruntzaldean burutu zuten kanpaina bortitzaren lehen hilketa izan zela aitarena. “Izua gizarte osora zabaltzea zuten asmoa, eta aitari “tokatu” egin zitzaion. Jarri zioten kolaboratzailearen etiketa justifikazio hutsa izan zen”.

Gaztetxoa izan arren, Mikel Salbadorrek gogoratzen du gizartean beldur fisikoa zabaldu zela nabarmen, 1977tik 1981ra bitarteko garai historiko hartan. “Batez ere 18 urtetik 40 urte bitarteko jendearengan piztu zen izua, ideologia batekoak zein bestekoak izan. Gauetan, jaietara-eta joatera ausartzen zen, bai, baina tentuz eta saiatuz beste pertsonak ondoan zituela. Izan ere, hiltzaileek mezu jakin bat zabaldu zuten: edonor izan daiteke kolpatua”.

Estatu aparatuekin loturak

Mikel Salbadorrek bat egiten du bailaran nahikoa zabaldu zen sentsazioarekin: indar polizialen eta ultraeskuindar horien artean bazegoela lotura, babes zuzena eskainiz, konplizitatea agertuz, beste aldera begiratuz... “Deigarria egiten da, adibidez, hiltzaileek, beti, beren jabetzakoa zen Seat 127 markako autoarekin nola ibiltzen ziren hara eta hona, Buruntzaldeko herrietan. Bost urtetan inpunitate osoz jardun zuten, autoa hartzen zuten bakoitzean hilketa bat edo erasoren bat burutzen zuten. Eta hori dena, nahiz eta ordurako Iturbide fitxatuta eduki, Donostian, Zornotzan eta beste zenbait tokietan inkontrolatu gisa ibiltzeagatik”.

Andoaingo Udalak ere bat egin zuen susmo horrekin orduan, eta Joxe Ramon Ansa Etxeberria hil eta biharamunean, 1979ko maiatzaren 7an, igandearekin, ez ohiko batzarra egin zuen. PSE, EE, EAJ eta EMK-OIC alderdiek hainbat puntuko mozioa adostu zuten aho batez. Hiru zatitan banatu ziren erabaki horiek. Lehendabizi, Ansa familiari samina eta elkartasuna adierazi zitzaion. Bigarrenez, herrian nagusi zen sentimendua jaso nahi zela adieraziz, talde faxistak atxilotzea eta estatuko instituzioen depurazio sakona exijitu zitzaion gobernuari. Hirugarrenez, azkenik, Udalak Andoaingo guardia zibilen kuartela hartu zuen jomugatzat. Hango kideen jokabide errepresiboak argitzeko, bertako arduradunak ikertzeko eta horietako gaiztoenak herritik kanporatzeko, eta bertan geratzen zirenak alkatearen agindupean jartzeko eskatu zioten gobernadore zibilari. Izan ere, salagarritzat jo zuten bertako guardia zibilen jokabidea (atxiloketak, torturak, jendea kalean jipoitzeak eta tirokatzeak…) zela medio.

Orduan Gipuzkoako gobernadore zibila zen Antonio Oiartzabalek, Jose Antonio Perez Gabarain alkatea eta zinegotziak gobernu zibilera deitu zituen. Epaitegietan Udalaren aurkako salaketa jartzeko asmoa agertu zien, baldin eta mozioan zein txostenean agertzen ziren salaketekin lotutako frogarik aurkezten ez bazuten.   

Oiartzabali erantzunez, Andoainen batzorde ikertzaile bat sortu zen, eta herrian bizi zen errepresio giroa ikertu eta argitan jartzeko txosten bat atondu zuen, 1979ko abenduan. Udalak eta AP eta UCD ez gainerako alderdi eta sindikatu guztiek sinatu zuten txostena; besteak beste, Inazio Maria Iturbide andoaindarra aipatzen zen, Andoaingo guardia zibilekin zeuzkan harremanak nabarmenduz.

Euskal Jaurlaritzaren menpeko Terrorismoaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzak, Marixabel Lasa zuzendari zuenak ere, 2010ean argitaratu zuen txostenean, aipatu konexio horien inguruko bertsioa berretsi zuen. “Talde inkontrolatuek, eskuin muturreko taldeek eta GAL-el eragindako terrorismoaren biktimei buruzko txostena” izenburua daraman agirian aipatzen denez, eskuineko elementuek eta Estatuko indar poliziekin lotura zuten indarrek terrorea zabaldu zuten gizarteko hainbat sektore soziopolitikoetan 70 eta 80ko hamarkadetan, ekintza biolentoen eta hilketen eskutik. Eta gaineratzen duenez, orduko polizia aparatu garrantzitsuen tolerantzia eta konplizitatearekin jardun zuten elementu horiek.

Buruntzaldean talde ultraeskuindarren urtetako kanpaina bortitza 1981eko martxoan eten zen. Antzizu baserriko Jabier Ansa Zinkunegi hil eta hurrengo egunetan Inazio Iturbide eta Zabala atxilotu zituzten. Ordurako bi ekintzaileen ibiliak aski ezagunak ziren bailaran, eta gobernu zibileko arduradunei jakinarazi zitzaien nortzuk ziren heriotza eta minaren iragarle zen auto famatuaren jabeak.

 

HERNANIN EGIA ETA JUSTIZIA ESKE

Estatu terrorismoak eragindako biktimak gogoratzeko, Egiari Zor Fundazioak ekitaldia antolatu zuen Hernanin joan den urriaren 5ean, 40 urtez inpunitatea salatuz lelopean. Hernanin zazpi dira estatu terrorismoak eraildako pertsonak: David Salvador (1977), Felipe Sagarna (1980), Migel Mari Arbelaitz (1980), Luis Mari Elizondo (1980), Joakin Antimasbere (1980), Rafael Goikoetxea (1984) eta Iñaki Astiasuinzarra (1985). Ekitaldian zehar, 1989an hil zuten Josu Muguruza diputatuaren alaba Ane Muguruzak eta Mikel Salbadorrek hitza hartu zuten. Hernanin banda parapolizialek eragindako minaren erantzukizuna inork hartu ez izana salatu zuten. “Ez dugu onartuko Estatuak praktikatutako biolentziak gehiago ukatzea kontakizun zehatz bat modu interesatuan elikatzeko”. Artxibatuta dauden David Salvadorren eta beste hainbaten kasuak argitzeko dokumentu ofizialak argitara emateko eskatu zuten, aldi berean. “Ezin justifikatu daiteke Estatuko botereek terrorismoa baliatu izana modu guztiz zigorgabean giza eskubideak urratzeko eta erailtzeko, eta bitartean, guk jarraitzea egia jakiteko dagokigun eskubidearen jabe izan gabe. Gertakari askok dihardutelako oraindik Francoren garaiko Sekretu Ofizialen Legearen itzalpean. Exijitzen dugu, behingoz, desklasifikatuak izan daitezela gertatutakoa ezkutuan mantentzen duten dokumentu ofizialak. Exijitzen dugu krimenak argitu eta dagokionak bere gain hartu ditzala ardurak. Egin diezaiogun aurre Estatu terrorismoaren gaiari zintzotasun demokratikoarekin bizikidetza eraikitzen jarraitu ahal izateko”. Gogoan hartu behar da Madrilgo Gorteetan Amnistiaren Legea 1977ko urriaren 15ean onartu zela. Lege horren ondorioz, urte bereko urriaren 6a bitarte preso politikoen amnistia ezartzen zen, eta batik bat, galarazten zen Espainiako epaitegiek epai zitzaten 36ko kolpe militarrak eta diktadurak eragindako hilketak eta desagertzeak. David Salbadorren hilketa urriaren 7an izan zenez, legeak ez lioke eragin behar.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!