"Andoainen skate eskola sortzea polita litzateke"

Mikel Arberas 2019ko aza. 14a, 16:18

Arkaitz Amenabar, Paula Baco eta Aitor Morales dira AST Andoaingo skate taldearen sorreran parte hartu duten gazteetako hiru. Ilusio eta gogo biziz hasi dute proiektua.

Udan zabaldu zuten Andoaingo kiroldegiaren atzekaldean kokatzen den skategunea. Proiektua aurkeztu zutenetik ikusmira handia sortu da andoaindarren artean; egun, nabaria da irristatzeko lekuak eduki duen arrakasta, egun osoan zehar jendez gainezko egoten baita. Denbora tarte honetan, AST Andoaingo Skate Taldea elkartea sortu dute Arkaitz Amenabarrek, Paula Bacok eta Aitor Moralesek, beste lagun batzurekin batera.

Haur direnetik dabiltza lau gurpilen artean irrist egiten, leku batean zein bestean; "etxean hasi nintzen lehengusuak emandako skate batekin, ondoren beste leku batzuetara joaten hasi nintzen", aitortu du Amenabarrek. Skategunea jarri dutenetik gurpil gaineko afizioa nabarmenki handitu dela dirudi, uneoro haurrak, gazteak eta helduak monopatin eta patineteetan leku batetik bestera baitabiltza. Paula Bacok, berriz, monopatinean aritzeko afizioa betidanik egon dela nabarmendu nahi izan du, "nire ustez zaletasuna beti egon da, baina futbola bezalako kirol handiek lekua kentzen diote geuk praktikatzen dugun kirolari, eta, beraz, jendeak ez du skatearen berri izaten".

Argi dago gurpilen kirol jarduera maite dutela. Haur zirenetik praktikatzen dute, modu batera edo bestera. Gaur egun, afizioa baino gehiago da eurentzako; "guztiok ditugu etapak, egunen batean skate gainean egoteari utziko diot egoera ezberdinak direla eta, baina beti egongo da aukera gustatzen zaizun horrekin jarraitzeko", adierazi du Aitor Moralesek.

Ildo beretik jarraituz, skate parkean arratsalde asko igarotakoak dira Arkaitz eta Paula ere; egunak aurrera igaro ahala, gazteek gabezia asko sumatu dituzte. Gauzak horrela, lagun eta ezagunen artean elkarte moduko bat egitea otu zitzaien. "Neurriak hartu behar ziren. Esaterako, araudiaren kartelak falta ziren eta arratsaldeetan argitasun falta handia zegoen. Elkarte modura antolatzea pentsatu genuen, udaletxera eta beste leku batzuetara talde ofizial modura joan ahal izateko".

Skate gunearen gabeziak

AST sortzearen arrazoietako bat skate parkeak behar dituen hobekuntzak eskatzea da. Ez daude batere pozik azken emaitzarekin, eta oraindik bukatu gabeko gunetzat jotzen dute; "Gauza asko falta dira. Adibidez, arratsaldeko 17:00etan ilunpetan aritzen gara, beste kirol guneetan, berriz, guztiek dute argia. Argitasuna ezinbestekoa da. Horrez gain, leku garbia nahi dugunez edukiontziak jartzea ez legoke gaizki. Funtsezkoena hori dela iruditzen zaigu", adierazi du irmo Bacok. "Egia esan komunak ere beharko genituzke. Mutilek oso erraz egin ditzakete euren beharrak kanpoan, baina patinatzen dugun emakumezkoak ere bagaude", gehitu du.

Skate taldearen sorrera

Duela gutxi sortu dute AST: "Izenik eta talderik gabe inor ez ginela sentitzen genuen, soilik oihu egiten zuen taldea ginen. Horregatik, zerbait egin nahi genuen, gogoa ez zaigu falta eta baliabideak baditugu. Skateguneak zerbait gehiago merezi du", adierazi du Paulak.

Taldearen sorrerarekin batera, kirol hau zabaltzeko ideiak ere eduki dituzte. Esaterako, larunbat honetarako Skate Eguna antolatu dute AST-ek eta Holly Riders taldeak, Andoaingo zenbait laguntzailerekin batera. Besteak beste, Jart, Nemux, Urrats inprimategia eta Andoaingo Udala beste askoren artean. Amenabarrek larunbateko ekitaldiaren antolakuntza nola egin den azaldu du: "Skate Eguna antolatzeko lan banaketa egin da, bakoitzak zerbait egiten lagundu du. Horrez gain, guraso batzuk ere laguntzeko prest agertu dira. Hala ere, esku hartzeko prest dagoen edonork har dezake parte Andoaingo skate taldean".

Etorkizunera begira

Taldea berria da eta larunbatean lehenengo herri mailako ekitaldia egingo dute. Sare sozialak jorratu dituzte, lehenengo eskakizunak egin eta entzute handia lortu dute herrian; harago joatea pentsatzen hasita daudela dio Bacok: "Oso polita izango litzateke skate eskola moduko bat sortzea. Gaur egun, jendeak gurpil gaineko jarduera zailtzat dauka eta, eskola asko ez daudenez, ez dute aintzat hartzen. Gaur egun beste edozein kiroletan izena emateko aukera asko daude, baina monopatinean irristatzen ikasi nahi izanez gero, zeure kabuz joan behar zara; normalizatua ez dagoenez, ez daude baliabideak. Horregatik, eskola moduko bat sortu nahiko genuke. Prozesua luzea da, eta etorkizunean lortzea espero dugu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!