"Erlijioen arteko bizikidetzaren defentsa egiten da kontzertuan"

Xabier Lasa 2019ko aza. 16a, 08:12
Arkaitz Mendoza Rodriguez orkestra zuzendaria Andoainen jaiotakoa da.

Pianojolea da baina musikagintzan denetik egiten du. Kamerata Euskdivarius orkestrako zuzendari gisa bere jaioterria den Andoainera azaroaren 20an etorriko da.

“Gizon armaduna (Bakearen aldeko Meza)” izenburuko obra eskainiko du Orkestrak San Martin parrokian. Datorren asteazkenean izango da –azaroak 20–, iluntzeko 19:30ean hasita.

Zer da “Gizon armaduna (Bakearen aldeko meza)”?

Karl Jenkins konposatzaileak 1999an sortu zuen kontzertu bat da, Kosovoko (Jugoslavia ohia) gerra inspirazio iturri edukita. Gizakiek eragiten dituzten gerra suntsitzaileen aurkako eta biktimen aldeko aldarria da. Mezu bakezalea, unibertsala zabaldu nahi du, izan Kosovorako izan munduko beste edozein leku gatazkatsuetarako baliagarri dena. Hamairu atalez osatzen da, eta meza katoliko baten hariari jarraitzen dio, nahiz eta tartekatu beste erlijioetako zenbait elementu, esate batera, musulmandarrek Alári eskaintzen dioten otoitz bat. Izan ere, erlijioen arteko bizikidetzaren defentsa egiten du kontzertuak. Bi hizkuntza erabiltzen dira bertan, ingelesa eta latina. Aldi berean, kontzertua pantaila batean proiektatuko diren 80 irudiekin aberastuko da. 

Zenbat dauka musika klasikotik?

Ez da kontzertu klasiko tipikoa. Entzuleak ez du Mozart, Brahms eta antzeko egileen musika estiloa topatuko. Filmetako soinu bandaren itxura hartzen du gehiago. Perkutsio mordoa dauka, erritmu afrikarrak... Publiko zabal bati begira sortutakoa dela esango nuke. Alde horretatik, musika zale oro gonbidatuko nuke, etor dadila lasai San Martin elizara; maiz entzungo ez duen kontzertu batera hurbilduko da, pribilegiatua sentituko da. Elizaren akustikak ere lagunduko du kontzertua gogoangarria izan dadin.

Musikari ugari mugituko duen kontzertua da.

40 musikari eta 50 abeslari bilduko dira. Musikarien artean, Andoaingo zenbait gazte aipatu nitzake: Maider Zapirain (Biolontxeloa), Mikel Urdangarin (biolina), Jokin Jauregi eta Xabier Ucin (klarinetea)... 

Kamerata Euskdivarius Orkestra dago guztiaren atzean. Urtarrilean sortu genuen, izan ere musikari asko dabil nor bere proiektua garatuz, baina badago sentsazioa denak bilduko dituen proiektu berritzaile bat falta dela.

Orkestra zuzendari batek zenbateko garrantzia dauka kontzertu batean?

Ohiko galdera izaten da, eta ulertzen dut. Mila kontu daude zuzendari bat beste batengandik bereizten dutena. Ez da gauza berbera besoekin edo begiradekin transmititu dezakezuna (indarra, soinua, intentsitatea, abiadura...). Ikasi beharreko teknikak daude, gero praktikarekin sakontzen direnak. Karrerarik zailena dela esaten dute. Hasteko, musikaria behar zara izan, eta instrumentu batzuk ezagutu, ez denak noski, ezinezkoa delako. Funtsezkoa da musikariak errespetatzea, eurek baitira maisuak beren instrumentuekin; zuzendariak gomendio bat edo beste eman diezaieke.

Musika kritikoa ere izan zara.

Berria egunkarian 2016az geroztik musika klasikoko kontzertuen kritikak egin izan ditut. Zorrotza izan naiz musikari ezezagunekin bezainbat lagunekin, egia esatera.

Diskoa grabatu duzu, aktorea izan zara...

Harkaitz Canok eta biok "Malgua da gaua" diska argitaratu genuen, Chopinen Nokturnoak izenburuko piezak oinarri izanda. Canok poesia idatzi zuen eta nik pianoa jo. Chopinen obra erdiak jorratu genituen, eta etorkizunerako erronkatzat utzi genuen bigarren diska egitea obraren beste erdia hartuta. Niretzako opari gozagarria izan zen Canoren poesia. Aktore lana, berriz, gauza txikia izan zen; Usandizaga euskal musikagilearen rola interpretatu nuen ETBk egin zuen “Usandizaga y Ravel. Unidos por un río” dokumentalean.

Kontzertu pedagogikoen zalea zara. Zergatik?

Kontzertu bati didaktikoaren etiketa jarriz gero, denek ulertzen dugu haurrentzat behar duela izan. Baina gehiago landu beharko litzateke helduen kultura musikala. Uste dut musikariok, eta zuzendariok batik bat, publiko helduarekin gehiago konektatu beharko genukeela.

Hurrengo urteari begira, Beethovenen bederatzi sinfonien inguruko proiektua garatzen ari naiz azken aldian. Ordu erdi pasatxo irauten duten sinfonia bakoitzarekin kontzertuak herriz herri ematea da asmoa. Kontzertuari ekin aurretik azalpenak eman nahi dira instrumentazioaren aldetik, garaiari buruzko testuingurua azalduz..

Zer ez duzu egin musikagintzan? Abestu agian?

Hortik ere igarotakoa naiz, ba! Donostiako Orfeoiko abeslaria izan nintzen gaztetan. Ahotsa dagoen instrumenturik naturalena da, eta nire ikasleei abestearen garrantzia transmititzen saiatzen naiz. Zozoa dena abesten, gero instrumentua jotzeko orduan ere zozoa izaten da normalean. 

Konposatu?

Hori ez! Ez daukat irudimenik! Errespetu handia eragiten dit sormenak, eta nahiago sortzaile bikainek osatutako partiturak hartu: irakurri, sentitu eta interpretatu. 

Andoainen jaiotakoa zara.

Bai, aita bertakoa dut eta ama Hernanikoa. Bertan jaio eta bertan egin nituen lehen bi urteak, baina gero Donostiara joan ginen bizitzera. Familia Andoainen daukat, eta tarteka gerturatzen naiz bisitan, baina apenas daukadan haurtzaroarekin lotutako oroitzapenik.

Andoainera zenbait alditan etorri izan naiz kontzertuak ematera; gogoan daukat, esate batera, Euskaldunon Egunkariako sortzaileetako bat izan zen Joxean Lizarribarri eskainitako omenaldian parte hartu nuenekoa. Pianoa jo nuen, Ainhoa Arteta laguntzaile nuela. "El caserio" Zarzuelarekin ere etorri nintzen, beste okasio batean. Egia esan, jaioterrian kontzertu bat zuzentzeak ilusio berezia eragiten dit.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!