Alcasser kasu ilun hura gogoan

Xabier Lasa 2019ko aza. 22a, 08:04
Barjola “Microfísica sexista del poder: El Caso Alcàsser y la construcción del terror sexual” ikerketa liburuaren egilea da.

1990eko hamarkada bizi izan zutenentzat, Alcasser kasua ahaztezina da, emakumeenganako bortxaketa eta biolentzia kasu deigarrienetarikoa izan baitzen.
Garai hartako hedabideek gertaerari egin zioten jarraipena aztertu du Barjola adituak.

Nerea Barjola politologo eta berdintasun teknikariak Alcasser kasuari buruzko ikerketa-tesia argitaratu zuen, iaz. “Microfísica sexista del poder:  El Caso Alcàsser y la construcción del terror sexual” izenburupean, liburu hura izan zuen ardatz BasteroKulturgunean eskaini zuen mintzaldian.

Atzera joanda, gogoan hartu behar da Alcasser (Valentzia) herriko Miriam García, Desirée Hernández eta Antonia Gómez gazteak auto-stopa egiten ari zirela 1992ko azaroaren 13an bahitu egin zituztela, eta handik 75 egunera borda batean hilik topatu zituztela. Torturatu ostean erail egin zituzten. Polizien ikerketen arabera bi gaizkile izan ziren egileak, Antonio Angles eta Miguel Ricart. Lehenak ihes egin zuen eta bigarrena 1997an epaitu zuten; 170 urteko zigorra ezarri zioten, eta 2013an aske geratu zen.

Kasu hark Espainiako estatuko gizartea bereziki nahasi egin zuen; horretan eragin handia eduki zuen komunikabideek gertaerari egindako segimendua eta eskainitako tratamendua. Barjolak garai hura bizi izan zuten 40 emakumeren testigantzak jaso ditu, eta zera ziurtatu zuen: “Alcasser hitzak terrorea sinbolizatzen du emakume askorentzat; kasuaren inguruan egin zen kontakizun politikoak emakumeen belaunaldi batengan eragin handia eduki zuen, baita euren etorkizunean ere”.

Barjolaren iritziz arrisku sexualaren mitoa nabarmendu zen Alcasser kasuan, historian zehar beste zenbait gertakizunetan bezala. Britainia Handian, esaterako, garai biktoriarreko XIX mende bukaeran gertatu ziren Jack tripa-ateratzailearen erailketak (Jack the Ripper ingelesez, Jack el destripador gaztelaniaz) aipatu zituen. Eremu publikoa okupatzen hasita zeuden emakumeei kontuz ibiltzeko mezua zabaltzeko erabili zen kasu hura.

80ko hamarkadako
lorpenen etetea

Gertakizunak testuinguruan jartzeko ariketa eginez, hizlariak 80ko hamarkadan espainiar estatuan bizi izan zen prozesu soziala gogoratu zuen: “aldatzen ari zen marko politikoa, eta emakumeek bereganatu egin zituzten mugimendu feministari esker etorri ziren lorpenak; ez hori bakarrik, kalera ateratzen hasi ziren eta lorpen horien aldeko borrokan murgildu ziren.

Alcasser kasuaren eskutik, gizartean arrisku sexualari buruzko kontakizun politikoa eraiki zen, aurre egiteko gero eta handiagoa zen emakumearen independentziari aurre”. Kontakizun hura misoginiak bultzatuko bortxazko erreakzioa izan zela adierazi zuen Nerea Barjolak.

Basteroko hitzaldian batik bat komunikabideen jokabidea aztertu zuen Barjolak, oso modu kritikoan aztertu ere. Sentsazionalismoa eta familiarren sufrimendua erruz esplotatu zutela esan zuen. Nieves Herrero eta Paco Lobatonek garai hartan zuzentzen zituzten telebistako saioak aipatu zituen, batik bat.

Zenbait pasarte biziberritu zituen Basteroko pantailan, entzuleen harridura eraginez. Reality show-aren ete tele-zaborraren hasierak izan ziren haiek. Hiru gazteak hilik topatu zituzten egunean bertan, Alcasser herriko plaza telebistako plato bilakatu eta bertatik gazteak senitartekoak, lagunak eta herrikideak protagonista bilakatu ziren saio bereziak eskaini zituzten. 

Minezko sentimenduak esplotatzeaz gain, hainbat mezu zabaldu ziren gau hartan eta hurrengo egun eta asteetan, ez bakarrik telebistetan, baita ere informazio orokorreko prentsan. Telebistetan egiten zituzten saio berezietan, kazetariak forentseak, kriminologiak, psikologoak… biltzen zituzten eta maiz izu sexualaren mitoa indartzen zuten mezu eredugarriak zabaltzen zituzten, agerikoak edo ez hain agerikoak, Barjolaren azterketaren arabera. Horien artean, aipa daitezke: gazteek ez zutela premiarik asteburuan gauez ateratzeko, eta gutxiago auto-stopa egiteko; hiru nesketatik baten edertasun fisikoa ere probokazio gisa har zitekeela; gaizkileen amak ere errudun izan zitezkeela beren semeei giza baloreak ez transmititzeagatik…    

Erruduntzat jo zirenetako baten -Miguel Ricart- aurka 1997an burutu zen epaiketak espektakularen jarraipenean bilakatu zela gaineratu zuen Barjolak. Disekzio anatomiko forentse batekin irudikatu zuen Barjolak epaiketa. “Komunikabideek detailerik morbosoetan erreparatzen zuten maiz, eraso sexuala banalizatzeraino”.

Emakumeak mintzo

Arrisku sexualaren errepresentazioa deskribatzeko, Barjolak garai hura gertutik bizitu izan zuten 40 bat emakume elkarrizketatu zituen, “Alcasser kasuaz geroztik neuren kolabidea zenbaiteraino aldatu zuten jakin nahi nuen”. Hainbat ondorio atera zituen elkarrizketa horietatik. Hona zenbait:

Gizon gaiztoaren figurak indarra hartu zuen, aske dabilen horrena, eta nonahi eta noiznahi agertu daitekeena.

Emakumeek egunerokotasuneko hainbat jokaera birplanteatu egin zituzten; damua azaltzen zuten, adibidez, auto-stopa egin izanagatik.

Eremu publikoen murriztea ekarri zuen. Ordurarte seguruak izan ziren hainbat toki segurtasun gabekoak bilakatu ziren. Adibidez, Euskal Herrian mendi eta natur guneak; Valentzian, laranjadiak.   

Gizonaren protekzionismoa baloratzea eragin zuen. Horrekin, halaber, gizonek bere pribilegio historikoa sendotu egin zuten.

Txikitatik barneratuta geratzen diren gorputzeko oroitzapenak gutxiena espero zutenean aktibatu egin zitzaien emakumeei; modu arrazionalean ulertzen zailak diren beldurrekin lotutako oroitzapenen aktibazioa izan zen.

Inpaktua bizi izan zuten emakume asko, gerora, euren jokabidea birplanteatzera heldu ziren; izan ere ohartu ziren aurreko jarrera hark eragiten zuela gizonek mailaz goragoko posizioa edukitzea. Erresistentziari ekin zioten, hortaz; horietako batzuei feminismoaren planteamenduak baliagarriak izan zitzaizkien horretarako.

Netflix ere jomugan

Netflix plataformak Alcasser kasua aktualitatean jarri du berriki, iaz argitaratu zuen bost orduko dokumental luzearen ('El caso Alcasser') eskutik. Barjolak modu kritikoan deskribatu zuen dokumentala. “Liburua argitaratu nuela jakin zutenean dokumentalean parte hartzeko gonbidatu ninduten. Gidoia eskatu nien; irakurri, eta susmo txarrak hartu nion eman nahi zioten enfokeagatik. Uko egin nion parte hartzeari, eta gero emaitza ikusita, ondo egin nuela iruditzen zait. Bost aldiz ikusi dut, eta argi daukat morboan sakondu dutela egileek. Autopsien edo epaiketaren atalik morbosoenei garrantzia handia eman diete, esate batera. Posizio neutralaren plantak egin dituzte, eta horrela, garai hartan esan eta egin ziren astakeriak besteek esan dezaten utzi dute”.

Nerea Barjolak adierazi zuenez, belaunaldi bakoitzak bere “kontakizuna” dauka. Nagore Lafagge, Rocio Wanninkhof, Sandra Palo, Manada… “Gaur egungo Espainiako telebistetan agertzen zaizkigun programa batzuk ez dira ordukoak baino hobeagoak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!