Musikarientzat omenaldirik ederrena, abestiak sortzea

Xabier Lasa 2019ko aza. 26a, 17:20

Gora Kale Txiki Bandak, Ozenki Abesbatzak eta Doinu Zale Musika Eskolako Akordeoi Orkestrak une hunkigarriz osatutako kontzertua eskaini zuten joan den larunbatean Santa Krutz ermitan. Bertan, Andoaingo musika ondarea aberastera datozen bi abesti estreinatu zituzten.

Eñaut eta Ander Egaña anaiek agurraren dantzarekin ekin zioten emanaldiari. Ondoren, hiru zati izan zituen emanaldia heldu zen.

Lehenbizikoan, Imanol Kamiok zuzentzen duen Ozenki Abesbatzak eta Doinu Zale Akordeoi Orkestrak Liberozenki (Astor Piazolla) eta El Mesias (G.F. Haendel) eskaini zituzten.

Gora Kale Txiki Bandaren esku geratu zen bigarren zatia; Joxe Mari Oiartzabal zuzendari zuela, hiru abesti interpretatu zituen: El pajarito salio de la jaula (Pepe Andoain) eta Leizaran euskal fantasia eta Tren Txikitik barrena (J.M. Oiartzabal). Xabier Ucin klarinete jolea bakarlari gisa jardun zuen lehenengoan; Joxe Ramon Berrondo Eizagiurre tronpeta jolea bigarrengoan.

    

Bi abesti berri

Ermitan bildutako musikari guztiek bat egin zuten kontzertuaren hirugarren zatian, eta ordurako gorde zituzten ilunabarreko unerik hunkigarrienak.

Bi abesti estreinatu zituzten: Baltzuketa eta Bonbardino hotsak, biak ere Joxe Mari Oiartzabalen doinuekin eta Joxeramon Berrondoren hitzekin. Lehena Leizotz auzoko Baltzuketa baserrian bizi den familiari eskainitakoa da, eta bere kide den Xabier Jauregi txistularia jendaurrean agertu zen egileei eskerrak emateko.

Bigarren abesti berriak, Bonbardino hotsak, Gora Kale Txiki Bandako kide den hirukote bonbardino jole beteranoa du gogoan: Jose Luis Fernandez, Paco Perez eta Paco Bidasoro. 17 urte dauzkan Gora Kale Txiki Bandarekin hasieratik aritu dira hirurak, Andoaingo eta beste hainbat herrietako kale eta plazak alaitzen. Ekitaldian emozioz gainezka agertu ziren jendaurrean, eta oroigarri bana jaso zuten, Luciano Uribesalgo Banda kidearen eskutik. Izan ere, musikari batentzat musikarien aitormena jasotzea baino gauza ederragorik ez dago,  are gehiago datorrenean abesti berri batekin opari gisa.

Hona abestiak zer dion: Musikariek alaitzen dute sarritan gure bizia / bonbardinoen hotsekin sortuz bizipozaren irria / hiru lagunek urte askotan berpiztu dute herria gure txarangan aurkitu dute maitasunezko kabia / kale ilunak piztutzen dira noten hotsekin jolastuz / tristura guztiz uxatzen dira txarangarekin arituz / aportazio handiarekin gure herria maitatuz / bertso xume hau egina dago emanaldia eskertuz.

Xalbadorren heriotzean abestiak eman zion amaiera antolatzaileek iragarri zuten errepertorioari. Nolanahi ere, agindutako kantutegiarekin kunplitu ostean, denen artean Lau teilatu abesti ospetsuaren bertsioa egitera animatu ziren, grabazioa EITB Maratoiak abian jarri duen kanpainara bidaltzeko asmoz.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!