Sapa-ko langileak greban

Xabier Lasa 2019ko aza. 27a, 19:03

Zortzi eguneko grebari ekin zioten SAPA lantegiko langileek astelehenean, lan komiteak (ELA, LAB eta CCOO) egindako deialdiari jarraituz. Hurrengo asteko ostegunean amaituko dute protesta, baldin eta nagusiak ez badu negoziazio mahaian esertzeko asmorik agertzen.

Langileek goizero lantegiaren aurrean jartzeko erabakia hartu dute, “Aperribay, Sapako langileak borrokan” dion pankartaren atzean.

Protesta egiteko beste zenbait ekintza egingo dituztela ere iragarri dute. Atzo, esate batera, Zubietan Realaren entrenamenduetako zelaian izan ziren, protesta egiten. Larunbatean Realaren partidua dela-eta, Anoetara joatea ere aztertzen ari dira.

Salatu dutenez, 2012az geroztik soldatak izoztuta dauzkate, eta horrekin erosteko ahalmena galtzen joan dira urtez urte. Gainera, lan baldintzekin zerikusia daukan beste zenbait alderdi ere negoziatu nahi dituzte. Nagusiaren asmoa langile finkoak gutxitzea eta behin behinekoak gehitzea da, prekarietatean sakonduz era horretan, langileen iritziz.

Egun, Sapa Operazioak izeneko sekzioan, Andoaingo lantokian, 156 langilek egiten dute lan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!