Rikardo Arregi irakurtzen

Rikardo Arregi gogoan hartuko dute Andoainen, egun osoan zehar

Jon Ander Ubeda 2019ko aza. 28a, 07:56

Aurten bete dira 50 urte Rikardo Arregi hil zela, eta Andoaingo Udalak “Rikardo Arregi irakurtzen” egun osoko ekimena aurrera eramango du. Kazetari eta ekintzailearen artikuluen irakurtaldi publikoa egingo dute, Bastero plazan, goizeko 10:00etan hasi eta 18:00ak arte. Iluntzeko 19:00etan, berriz, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien berri emango dute Bastero Kulturgunean.

Udalak prentsara bidalitako oharraren arabera, zortzi orduetan zehar 336 pertsonek parte hartuko dute: “Andoaingo herritarrak, euskaltegiko eta ikastetxeetako ikasleak, irakasleak, kazetariak, Andoaingo Udaleko eta Eusko Jaurlaritza, Nafarroako gobernua eta Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundietako ordezkariak, euskalgintzan, kulturgintzan eta gizartegintzan ari direnak, idazleak… gazte eta zahar, askotariko herritarrak izango dira Rikardo Arregiren testuei ahotsa emango dietenak Basteroko plazako ekitaldi publikoan”.

Lehen irakurleak Rikardo Arregiren senideak izan dira: Begoña, Joseba eta Mikel anai-arrebak. Haien ondoren etorri dira Andoaingo alkatea eta Udaleko talde politiko guztien ordezkariak, herri erakundeetako ordezkariak eta Andoaingo ikastolan lehen irakasle izan zena. Irakurraldiari amaiera emango dio Ramon Saizarbitoria idazleak, zeina Rikardo Arregiren lagun-mina ez ezik, Rikardoren oso gertuko lankide izan baitzen, 1960ko urteetan besteak beste euskara, euskal kultura eta euskarazko liburugintza modernitatearen bideetan barrena bultzatzen.

Amaieran omenaldia jasoko dute euskaldunen alfabetatze kanpainaren barruan Andoainen gau eskoletan euskara irakasten hasi ziren irakasle andoaindarrek.

Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Berrituta dator aurten, bi sari banatuko baitira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Hauek dira zortzi finalistak:

Kazetaritza saria:

  • Jon Artano (EITBrako, Latinoamerikan 2019. urtean  eginiko kronika eta elkarrizketak).
  • Ana Galarraga (“Iraultza txikien lekukoak” atala Elhuyar aldizkarian).
  • Miel Anjel Elustondo (“Zozoen elean” elkarrizketa sorta Berrian).
  • Kanaldudeko “Hurbiletik” saioa.

Komunikazio saria:

  • 2019. urteko Korrikaren komunikazio kanpaina.
  • Ttap aldizkari digitala (2019. urtean sendotzen bidean emandako pausoak).
  • Egunean behin jokoa (CodeSyntaxek sortu eta garatua).
  • Oier Aranzabal (“Barruan gaude” podcasta Zuzeun).

Ohorezko Aipamena:

  • Iñaki Elorza “Txapas” kazetariari, bere ibilbide periodistiko oparoaren aitormena eginez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!