Olagain Udal txistulari elkartearen urteurreneko omenaldia

Xabier Lasa 2019ko aza. 29a, 12:00

Olagain Udal txistulari elkarteak bere sorreraren 40. urteurrena ospatuko du. Gonbidatu ugariren parte hartzearekin osatuko du kontzertua, entzuleen oroimenean geratzen diren kultur ikuskizun horietakoa antolatuz.

Olagain Udal txistulari elkarteak bere sorreraren 40. urteurrena ospatuko du. Gonbidatu ugariren parte hartzearekin osatuko du kontzertua, entzuleen oroimenean geratzen diren kultur ikuskizun horietakoa antolatuz.

Entzuleentzat gozagarria eta gogoangarria izango den kontzertua eskaintzeko ahalegina egin dute Elkarteko kideek. Eta kontzertuaz baliatuko dira bigarren helburu bat betetzeko: esker oneko azaldu. Eskerrak eman nahi dizkiete elkartea 1979an sortu eta ondorena eman dioten pertsonei, eta aldi berean, eskerrak urte guzti horietan bidelagun izan dituzten kultur taldeei.

Joxema Setien Elkarteko zuzendariak adierazi duenez, “duela 40 urte elkartea sortuz Andoainen txistuaren hotsa biziberritzea nahi izan zuten pertsonak oroitu nahi ditugu, eta baita ere urte guzti hauetan elkartean jarraitu dutenak. Modu berean, lau hamarkadetako ibilbidean gertu izan ditugun kultur elkarteei gure miresmena agertu nahi genieke. Izan ere, ohorea izan da guretzat guzti horiekin bizipenak eta jendaurreko emanaldiak partekatzea, eta ohorea izango da horietako askorekin kontzertua eskaintzea igandean. Adiskideen zerrenda luzea osatu dugu bidean, eta nahi bai, baina ezinezkoa egin zaigu den-denak kontzertuko formatura biltzea; esan dezakegu guztien ordezkaritza dela Basteroko agertokian elkartuko dena”.

Parte hartze anitza

Txistuaren hotsa izango du ardatz kontzertuak. Nolanahi ere, Setienek zehaztu duenez, “txistua, silbotea eta atabala entzungo dira denbora guztian, baina abesti bat kenduta, gainerakoetan eszenategia partekatu egingo dugu: abesbatzekin, ahots bakarlariekin, teklatuekin, gitarra jolearekin, bateriarekin, metal boskotearekin dantzariekin, bertsolariekin, …

 

Hauxe da parte hartzaileen zerrenda luzea: Alberto Agirre eta Astigarragako Aiztondo Abesbatzak, Soiñuak musika eskola, Urki dantza taldea, Klaap dantza eskola, Andoaingo erraldoi eta buruhandien konpartsa, Loatzo musika eskola, Txanbolin txistu elkartea, metal boskotea, Javier Gestoso (gitarra), Joxean Pascual, Igor Arroyo eta Garazi Jauregi (abeslariak), eta Ion Beloki eta Unai Ormaetxea (bertsolariak). Guztiak, Ainhoa Aiertzak aurkeztuko ditu.

Garazi Jauregi kantaria

“Bi abestietan parte hartuko dut, Alberto Agirre eta Aiztondo abesbatzekin batera. Leonard Cohenen Hallelluyah da bata, eta Kontrapas da bestea, Xabier Leterena. Ilusioa handia egin zidan kontzertuan kantatzeko gonbidapenak. Aita txistularien taldeko kide izan da beti, eta igual horrexegatik, iraganean, proposatu zidaten behin edo behin, abeslaria behar zutenean. Ezetz erantzun izan nien beti, baina bazen garaia baiezkoa emateko! Olagaineko egoitzara entseiatzera etorri naizen alditan herriko kultur elkarte askorekin egin dut topo, eta ez daukat zalantzarik kontzertua oso polita eta parte hartzailea izango dela.

Bestalde, emozio eta urduritasun pixka bat eragiten dit Basteron abesteak, izan ere, jendaurrekoa utzita daukat Lorratzak taldea desegin zenetik”.

Errepertorioa

Olagain Txistularien Elkarteak aparteko ahalegina egin du doinu tradizionalak eta modernoak uztartzeko. Horixe islatuko da emanaldian ere: 

• Erreberentzia (Mold: Luis Urteaga; Egokitzapena: J.I. Ansorena).

• Ezpata Dantza (Mold: J. I. Ansorena).

• Brakaman Munietoa (Raimundo Sarriegi; Mold: J.I. Ansorena).

• Sugoi (Juan Carlos Irizar).

• Hallelluyah (Leonard Cohen; Mold: Xanet Arozena)

• Ohorezko kontrapasa (R. Sarriegi; Mold: J.I. Ansorena).

• Galo (fandangoa) Amaio (arin-arina) (Mold: J. I. Ansorena

• Ama begira zazu (Victor de Zubizarreta; Mold: Txomin Aguirregomezkorta)
Unai Ormaetxea Ion Beloki bertsolarien parte hartzearekin.

• Kontrapas (Hitzak: Bernat Etxepare; Musika: Xabier Lete; Mold: Jagoba Astiazaran).

• In Dulce Jubilo (Bach/Mike Oldfield).

• Guantanamera (Mold: Aitor Furundarena)

• La alegria en San Fermin (Miguel Astrain; Mold: Karlos Sanchez).

• Sagarra jo! (Kalakan; Mold: Jabier Ituarte).

 

• Radetzky March (Johann Strauss; Mold: Ruper Lekue).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!