“Los Angelesen dantza egitea ametsa da guretzat”

Mikel Arberas 2019ko abe. 5a, 12:00
Protagonistak Bartzelonan saritu zituzten dantzariekin batera.

June Pascualek eta Oihana Condek Kalifornian dantzatuko dute abuztuan, Bartzelonan egindako lehiaketan bigarren sailkatu ostean. Eider Rodriguez, Ananda Berasarte eta Jhon Enciso dantza irakasleen laguntzaz gailurra ukitu nahi dute.

Zer da zeuentzat dantza?

June Pascual: Gauza asko izan daitezke. Dantzari gehienentzat adierazteko modua dela uste dut, mugimenduekin hitz egiteko modua da. Nahi dena adierazteko jarduera da; haserre nagoenean dantza egiten dut, eta pozik nagoenean ere dantzatzen jarraitzen dut. Beste leku batera ihes egiteko bitartekoa da.

Oihana Conde: Adierazteko era bat da, musikarekin konektatzeko balio duen tresna da. Abestiekin sentitzen diren gauzak dantzaren bitartez helarazi daitezke. Aske sentitzeko modu bat ere badela uste dut.

Zein mailatan dantzatzen duzue?

J.P: Junior eta senior mailetan dantzatzen dut, BMB taldean.

O.C: Nik Bamboo taldean dantzatzen dut, helduen mailan. Hau da, 18 urtetik gorakoen mailan.

Nolakoa izan zen Bartzelonan dantzatzeko egin zenuten bidea?

J.P: Bi hilabeteetan koreografia bat prestatzen aritu ginen, baina ez ginen irabazteko asmoz joan. Dena dela, gure taldean zerbait ikusi zutela pentsatzen dut, guztiok izugarrizko ezustekoa hartu genuelako. Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin. Bigarren postua lortu genuen, 84 punturekin.

O.C: Esan zigutenean harritu egin ginen. Pertsonalki, aurrerapauso handia da. Gainera, lehiaketan talde askok hartzen dute parte, eta soilik 80 puntutik gora lortutakoak joan daitezke Amerikako Estatu Batuetako Los Angelesen antolatzen den lehiaketa horretara.

Noiz da Los Angelesen parte hartuko duzuen mundu mailako lehiaketa?

J.P: Udan, abuztuan. Baina oraindik ez dakigu txapelketaren egun zehatza.

O.C: Lehiaketa abuztuan da, eta bidaiaren kostua handia izango denez, hurrengo hilabeteetan aurrezteari eta dirua biltzeari ekin behar diogu.

Zuek zaudeten lekura ailegatzeko zer egin behar da?

J.P: Entrenamendu asko egin behar dira, oinarria eta teknika ona lortzeko. Etorkizunean dantzaria izan nahi baduzu, ahalegintzea ezinbestekoa da.

O.C: Gaitasun handiko dantzariak existitzen dira, baina horiek ere entrenamendu asko egiten dituzte. Nire kasuan, 11 urte daramatzat dantza egiten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!