2020ko udal egutegia aurkeztu dute

Xabier Lasa 2019ko abe. 5a, 10:35

2020ko udal egutegia eta bere 12 argazkiak aurkeztu zituzten Andoaingo Udal Artxiboan asteartean burutu zen ekitaldian. “Andoaingo arkitektura” gaiari heldu dioten argazkilariei sariak banatu zitzaizkien, eta 2021erako gaia zehaztu zuten: “Andoaingo koloreak”.

160 argazki aurkeztu dira hirugarrengo edizio honetan, eta 10 egileren 12 argazki hautatu ditu epaimahaiak, bat hilabete bakoitzeko. Hona zeintzuk diren irabazleak: Javier Davila, Jose Angel Amuchastegi, Xabier Huitzi, Alain Patino, Margarita Oyarzun, Itziar Gutierrez, Xabier Alkorta, Carlos Sanchez, Aitor Alkain eta Gemma Conde.   

Epaimahaia, Txitxu Ruiz eta Teresa Santana zinegotziek, Karmele Otaegi artxiboko zuzendariak eta Eduardo Uranga eta Itsaso Mendiluze argazki adituek osatu dute.

Egutegiak abenduaren 16tik aurrera Ataria-n jaso ahal izango dira. Gehienez bi ale pertsona bakoitzeko.

Udal artxiboan egin zen ekitaldian, 2021eko egutegia osatzeko jarri den gaia iragarri zen: “Andoaingo koloreak”, hain zuzen.

 

Javier Davila

(“Kolore eta lerroekin jolasean”, urtarrila/“Izarrerantz atea”, abuztua):

“Urtarrileko orrian, Etxeberrietan azken aldian egin duten etxe berri horietako bat agertzen da. Argi eta ilunekin eta etxearen lerro zuzenekin jokatu nahi izan nuen, egun eguzkitsu batean. Abuztuko orrian, berriz, espigoiaren ingurunea oinarri hartuta, iparrizarrari eman diot protagonismoa. Iparrizarraren arabera lurrak egiten duen bira islatzen da argazkian, hain zuzen. Horretarako, zenbait gau igaro nituen bertan tripodea eta kamera jarrita; bi orduetan 100 bat argazki atera nituen, hamabost bat segundo erabiliz bakoitzarekin; azkenik, guztiak pilatu egin nituen photoshoparen bidez”.

 

Jose Angel Amuchastegui

(“Bastero”, otsaila/”La casa roja”, uztaila):

“Zoragarria da Basteroko eraikuntza, oso fotogenikoa iruditu izan zait beti, eta barrualdeari irudiak ateratzeko gogoa piztu zitzaidan. Hamar bat argazki atera nituen, Basteroko zenbait txoko jaso nahian. Uztaileko etxe gorriari dagokionez, ideia Andoaingo kaleetan barrena pasiatuz nindoala sortu zitzaidan. Etxe hori ikusiz batera, aurreko fatxadak dauzkan kolore eta marrazkiek piztu zidaten atentzioa. Ilusio optikoa eragiten dute marrek, errealitatea distortsionatzeraino”.

 

Xabier Huitzi

(“Eraisketa”, martxoa):

“Andoainen badago paisaje urbanoa, zaharkitua, arreta eragin didana betidanik, paisaje industrialak batez ere. Egutegian, Olamia zaharreko inguruko horma bat ageri da. Urtaro desberdinetan atera izan diet argazkia inguruko horma horiei, bi urtetan segidan. Eraisketa du izenburua argazkiak, hau da, eraikuntzaren kontrakoa. Graffitiak dauzka horma zaharrak, eta era horretan, kolore artifizialek eta naturalek oso modu orekatuan geratzen dira; kuadro baten aurrean gaudela dirudi”.

 

Alain Patino

(“Presa Olaberri”, apirila):

“Olaberriko presa ageri da irudian, Leitzarango bailaran. Enfoke berezia eman nahi nion, eta horrexegatik errekaren erdian jarri nintzen, harriz harri ibili eta gero. Esposizio luzeko argazkiak ateratzea zen nire asmoa, 20 bat segundotan eginkizun horretara jarrita. Zeta efektua itsatsi nahi nion urari, eta uste dut lortu nuela”.

 

Margarita Oyarzun

(“Laborde”, maiatza):

“Gaztetan Labordeko lantegiko langilea izan nintzen, eta makina bat alditan igo eta jeitsi behar izan nituen eskailera berezi-berezi horiek. Egia esan, Martin Ugalde Kultur Parkean kontserbatzen den lantegiko eraikuntza guztiak merezita dauka zaintza berezirako izendapena. Urte mordoa leku horretara joan gabe pasa eta gero, aurten izan dut eskailera horiek berriro igotzeko aukera, eta noski, argazkiak atera nizkion!”.

 

Itziar Gutierrez

(“Argi sarrerak”, ekaina):

“San Martin elizako arkupe batek argi jolas polita eskaintzen digu, erakargarria da argiaren textura, nola nabarmentzen den harrien kalitatea... Konposaketa aldetik oso polita egin zitzaidan eguneko une hori, argi eta ilun horiekin. Historikoki, erlijiozko espazioetan argiaren presentziak sinbolismoa handia eduki izan du. Esan izan didate nire argazki eta karteletan maiz heltzen diodala Andoaingo elizari, eta egia da. Izan ere, kanpandorrea, erlojuak, harria... elementu ugari dauzka erakargarri egiten dutenak estetikoki”.

 

Xabier Alkorta

(“Bastero”, iraila):

“Bastero paretik egunero pasatzen naiz haurrak ikastetxera eramateko, eta argia polita zegoela ikusi nuen egun batean sakeleko telefonoa poltsikotik atera, pertsona bat pasatzeko zain geratu, eta une hori iritsi zenean kilk! egin nuen. Oso kamera arrunta daukan mugikor batekin egin nuen argazkia; kontua da egunaren argitasunarekin suerte handia eduki nuela”.

 

Carlos Sanchez

(“Movimiento en pausa”, urria):

“Doktor Huizi kaleko eskailera mekanikoak martxan ziren egun hartan, baina nire kamerak geldirik erretratatu zituen; halaxe baitzegoen, herritarren esperoan. Perspektiban sakondu nahi izan nuen, eta halaber, naturaren elementuek (zuhaitzek, belarrak...) eta eskaileretako pinturak, denek elkarrekin eskaintzen zuten kolore biziekin jokatu nahi izan nuen”.

 

Aitor Alkain

(“Apaizaren begietan”, azaroa):

“Goiburu auzoko San Esteban ermitaren barrukaldea erretratu dut, nire asmoei jarraituz. Izan ere, Andoainen jendeak gutxi ezagutzen dituen bazterrak nahi nituzke aldarrikatu. Polita da ermita barrutik, eta seguru herrian asko direla sekula sartu ez direnak. Ermita barruan, apaizaren ikuspegia irudikatu nahi izan dut: alegia, herritarrak aldareari begira egoten garen bitartean, apaizak zer ikusten ote duen. Gainera, argazkiak halako mezua zabaldu nahi du: elizak gero eta hustuagoak daudela, eta bere goi-agintariek neurriak hartu beharko dituztela herritarrak erakarri nahi badituzte. Eskerrak eman nizkioke seroraren lanak betetzen dituen Mari Karmen Txapartegiri elizako ateak ireki eta argazkiak ateratzeko erraztasun guztiak jarri zizkidalako”.

 

Gemma Conde

(“Negu txuriak”, abendua):

“Astero ibili ohi naiz Leitzaranen barrena, eta izugarri dut gogoko paper lantoki zaharraren irudi hori. Urtaroko garai guztietan edukitzen dut begien aurrean, eta erretinan ondo gordeta daukat. Bere arkitekturak erakartzen nau, eta baita ere, erakartzen nau atze-atzean nola dauzkan zutik Belkoain mendia eta Olagain auzoko hiru etxe-dorreak; urtaroko zenbait hilabeteetan, badirudi hiru dorreak oihan ilun batetik zutitzen direla”.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!