Akordioa aurkeztu dute

Jon Ander Ubeda 2020ko urt. 12a, 10:00
Maider Lainez eta Marijose Izagirre aritu ziren akordio proposamenaren bozeramaile lanetan. AIURRI

Urtearen hasierarekin batera, Andoaingo Udalak 23,5 milioi euroko Udal aurrekontu proposamena onartuko du. Era berean, Legegintzaldi plana jendaurrean aurkezten hasiko dira. "Andoain elkarlanean" izango da erabiliko duten goiburu nagusia.

Erraminta eta diru partidak zehaztuta ekingo dio Udal gobernu taldeak 2020. urteari. Eta dagoeneko PSE-EE eta EAJ-PNV alderdien arteko aliantza egitasmo zehatzetan zehazten hasi dela esan daiteke. Udazkenean lanketan aritu eta gero, pasa den abenduaren 20an jendaurrean aurkeztu zuten “Andoain elkarlanean” izenburupean laburbiltzen den egitasmoa. Goiburu horren baitan garatuko dira Andoaingo Legegintza plana eta Udal aurrekontu proposamena.

Udal gobernu taldearen ideia eta balore nagusiak zortzi ildo estrategikoetan antolatu dituzte, eta horietatik 65 neurri zehatz bideratu. Neurri zehatz horiek ez zituzten agerraldian aipatu, urtearen hasieran auzoz auzo egingo dituzten aurkezpenetan egingo dutela iragarri baitzuten.

Udala eta herritargoa elkar uztartzeko asmoa dute, akordioaren bi sinatzaileek. Horrela definitu dute “Andoain elkarlanean” egitasmoa: “Herritarren partaidetzarako, gobernu onerako eta gardentasunerako dinamika berria da, herritarrekiko elkarrekintza hobetzeko. Helburua andoaindarrekin norabide biko komunikaziorako mekanismoak ezartzea, ekintzen edo konpromisoen jarraipena egitea, eta horien betetze mailari buruzko kontuak aurkeztea da. 2020ko lehen hiruhilekoan 2019-2023 agintaldirako dinamika berria eta epealdi horretarako definituriko 65 neurri zehatzak aurkeztuko dira auzoetan”.

Ildo estrategikoak

Hedabideen aurrean zabaldutako oharraren arabera, Andoain herri bizi baten aldeko apustua egin nahi dute. Gazteria Plana aurrera eraman nahi dute, “eta udalerriko bizitza eta kaleak biziberritzeko kultura, kirol eta aisialdiko agendan hobekuntzak bultzatu”. Gizarte mailako alorra lehentasunen artean zehaztu dute, “kalitatezko arreta-zerbitzuak bermatuz, behar espezifikoei erantzuteko”. Hazkundeari eta lehiakortasunari dagokionez, auzo guztietan zerbitzu berberak eskaintzeaz gain, “Udalerrian negozio-aukera berriak sortzea, jarduera ekonomikoak erakartzea eta berriak eratzea erraztu” nahi dituztela iragarri zuten. Jasangarritasuna, berdintasuna, euskara eta elkarbizitza dira gainerako ildo estrategikoak.

Lortutako akordioari garrantzia emateko, bi alderdietako ordezkaritza zabala elkarrekin agertu zen hedabideen aurrean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!