Sahararako elikagaien bilketa

Xabier Lasa 2020ko urt. 15a, 13:18
Hurria-Saharako kideak, Santomas egunean

Andoainen abian da Sahararen aldeko eligaien bilketa, Hurria-Sahara elkarteak Santomas egunarekin batera kanpainari ekin zionetik. Informazio mahaiak jarri zituen egun hartan, kanpainaren berri emanez eta oraindik ere eskuragarri dauden egutegiak salduz. Urtarrilaren 24a bitarte iraungo du bilketa kanpainak. Hurrengo egunean, Andoainen biltzen den jenero guztia Sarahararen aldeko 16. “Piztu Itxaropena” karabanaren esku utziko dute.

Elkarteko kideek zehaztu dute zein motatako elikagaiak bildu behar diren: hegaluzea oliotan, sardinak oliotan, patata, arroza, azukrea, lekaleak. Halaber, nongo erostokietan utzi daitezkeen esan dute: Coviran (Karrika auzoa), Jauregi (Etxeberrieta kalea), Eroski (Zumea plaza), BM (Plazaola kalea), Telletxea (Rikardo Arregi kalea), Ondarreta (Ondarreta kalea) eta Super Amara (Gudarien etorbidea).

Kanpaina Andoaingo ikasteetxetara luzatu da, hots, La Salle Berrozpe, Ondarreta, Aita Larramendi ikastola, Leitzaran eta Escivira (Zine eta Bideo Eskola) eta baita ere, Galardi Haur Eskolara. 

Hurria-Sahara elkarteak urtero azpimarratu izan du Andoaingo herritarrek erakutsi izan duten elkartasuna, eta ziur da tamainako izango dela aurtengoa ere. Iaz, esate batera, elikagaietan 8.550 kilo bildu ziren, eta kopuru horri gehitu zitzaion  84 litro oliotan, 59 kilo konpresetan eta 43 kaxa botiketan.

 

“Piztu Itxaropena” Euskal karabana

“Otsailak 27” Euskal Elkarteen Koordinakundeak gogorarazi duenez, euskal karabanak otsaila aldera Tindufeko (Aljeria) basamorturako bidea hartuko du, eta bertan babestuta dauden 260.000 errefuxiatu sahararrei bideratuko zaizkie jakiak.

Adierazi duenez, “Saharar errefuxiatuek elikadura aldetik segurtasunik ez izateak ondorio latzak dakartza herritarren bizitza-kalitatean, osasunari dagokionean batez ere; desnutrizioak eragindako patologiak nagusitzen dira eta beste gaixotasun batzuei aurre egiteko gaitasuna murrizten da. Errefuxiatuek Tindoufeko kanpamenduetan bizirik irauteko ezinbestekoa da kanpotik datorren laguntza”.

Sahara herrialdeko gaztakaren jatorria gogorarazi du Koordinakundeak, historian atzera eginez: “1975ean Madrileko gobernuak Marokoren eta Mauritaniaren artean banatu zuen Mendebaldeko Sahara. Urte bereko urrian, Marokok “Martxa berdea” izenekoa jarri zuen abian. Horrelaxe hasi zen, ba, Maroko eta Mauritaniaren aldetiko inbasio militarra eta, horren ondorioz, saharar herritar askoren ihesaldia, marokoar hegazkinek jaurtitako napalm eta fosforo zuriaren pean. Egoera horretan, Fronte Polisarioak aurre egin zion Marokoar okupazioari eta herritarren ihesaldia antolatzeaz gain, errefuxiatuak kanpamentuetan kokatzeaz ere arduratu zen, Aljeriako Tindufeko basamortuan hain zuzen ere”.

Egun, errefuxiatuen kanpamentuetan emakumeak eta umeak bizi dira gehienbat; gizon gehienak askatutako eremuetan mobilizatuta daude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!