Donostiako Udalaren eskertza jaso du Joxe Mari Oiartzabalek

Xabier Lasa 2020ko urt. 16a, 11:49

Joxe Mari Oiartzabal musikari andoaindarra nabarmendu zuten atzo, Donostiako helduen danborradaren aurkezpen ofizialean. Donostiako Udalean egin zen ekitaldian, Sarriegi konposatzaileak danborradari begira sortutako doinuak moldatzeagatik Oiartzabalek erakutsi izan dituen maisutasuna eta eskuzabaltasuna azpimarratu nahi izan zuten. Igande gauean, Bandera Igoeraren ekitaldiarekin batera, Jose Mari Oiartzabali omenaldia eskainiko diote. 

 

Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik zuzendariaren aparteko batuta jaso zuen Oiartzabalek, ekitaldiari sinbologia itsatsiz. Udaleko ordezkariek ekitaldian zehar adierazi zutenez, “Andoainen jaioa izan arren, Oiartzabalek urte asko daramatza Donostiaren aldeko lan isil, dotore eta doakoa egiten".

Oiartzabalek aitortu zuen zorioneko sentitu dela beti, Sarregiren konposaketekin lanean aritu izan den urte guztietan. "Bizitzak bidean jartzen dizkizun patu horietako bat izan da: Donostiako kontserbatorioan irakasle ez ezik Musika Bandako zuzendari nintzen garaian, danborradako abestiak moldatu eta grabatzeko proposatu zidaten. Lanari ekin, eta geroztik zoriontsua izan naiz. Naizean behin,  Sarriegik ametsetan bixita egiten dit, eta zera adierazten: ondo zoaz, baina oraindik ere badauzkagu hobetzeko gauzak”.

Iragarri zutenez, igande gauean, Bandera Igoeraren ekitaldiarekin batera, Jose Mari Oiartzabali omenaldia eskainiko zaio. Ekitaldia amaituta, musikariak Errenteriako Banda zuzenduko du, eta jakina, atzo eskaini zioten batuta erabiliko du horretarako.

151 danborradek eta 19.000 danbor eta upel jotzaileek hartuko dute parte aurtengo San Sebastian Egunean. Realeko emakumezkoen hockey eta futbol taldeetako jokalariek jasoko dute Urrezko Danborra.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!